Nazioarteko zinema talentu gazteak biltzeko helburuarekin, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa antolatzen dute 2002az geroztik Donostia Zinemaldian. Haien lanak erakusteko eta esperientzia eta ezagutzak trukatzeko aukera izaten dute bertan. XV. edizioa irailaren 20tik 23ra egingo dute Tabakaleran, eta izena emateko epea ekainaren 1ean zabalduko dute.
Donostia 2016ren helburua elkarbizitzaren eta dibertsitatearen balioak sustatzea da, hortaz, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarlanean Zinema Ikasleen Nazioarteko XV. Topaketa antolatu dute ikus-entzunezkoen arloko esperientziak eta ikaskuntza bultzatzeko. Irailaren 20tik 23ra egingo dituzten saioetan erdi mailako zein goi mailako zinema ikasleek hartu ahal izango dute parte, haien jatorria edozein dela ere. Bertan, beren film laburrak erakusteko aukera izango dute, eta zenbait adituren iritziak jasoko dituzte; lanen interesguneak ezagutzeko master classeetan ere hartuko dute parte.
Aukeratzen diren lanak publiko orokorrari eta Zinemaldiaren gonbidatuei zuzendutako saioetan eskainiko dituzte. Saio horietan, gainera, ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek hartuko dute parte, eta proiektuak haien aurrean aurkeztuko dituzte ikasleek. Era berean, teoria eta praktika zinematografikoari buruzko solasaldiak izango dituzte, eta ekoizpen eredu ezberdinak zien zine industriaren funtzionamendua ezagutuko dituzte.
Hautaketara aurkezten den eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur bidali ahal izango ditu, guztira hamalau lan inguru lehiatuko baitira. Topaketan parte hartzen duten eskoletako ikasleek osatuko dute epaimahaia, eta zinema munduko pertsona ospetsu baten laguntza izango dute. Haiek arduratuko dira aurtengo Panavision Sariaren jabea nor den ebazteaz. Aldiz, berariazko epaimahai batek film labur berritzaileena sarituko du, Orona Sariarekin.
Aurtengo edizioan parte hartu nahi izanez gero, Internet bidez eman ahal izango da izena ekainaren 1etik uztailaren 1era bitarte.