Orain hiru urte Laurence Anyways filma ikusi nuen Donostiako Trueba zinemetan. Pantaila handian horrenbeste emozio bizitzeko aukera zoragarria izan zen. Eta gainera, esperientzia hark, zinemagile apart bat ezagutzeko aukera ere eman zidan, Xavier Dolan kanadarra. Film hura baino lehen egin zituen lanak ikusi nahi izan nituen orduan, eta bere filmografia biltzen zuen DVD sorta lortu nuen, 1989an jaiotako zuzendariaren lan guztiak ikusteko.

Xavier-Dolan-Mommy-Zinea.eus-Amaia-Garcia

Xavier Dolanek bere seigarren filma aurkeztu du Cannesen 27 urterekin.

Dolan oso goiz hasi zen zinea egiten, 19 urterekin J’ai tué ma mère aurkeztu baitzuen, eta Les Amours imaginaires 21ekin. Lehena bere bizitzan oinarrituta dago, eta amarekin zuen harremana erakutsiko digu. Bigarrenean, ostera, bi lagun pertsona berberarekin maiteminduko dira, eta gertaera horrek eragindako arazoak landuko ditu Dolanek. Bi filmotan, zuzendari izateaz gain, aktore lanak ere egin zituen gazteak, pertsonai nagusien paperak antzeztu baitzituen.

 Argazki oina: J’ai tué ma mère filma osatzeko, bere bizitzan oinarritu zen Dolan

‘J’ai tué ma mère’ filma osatzeko, bere bizitzan oinarritu zen Dolan.

Nire film kuttunena, baina, Laurence Anyways da. 90eko hamarkadara eramango gaitu Dolanek, Laurencen bizitzara. Laurencek barruan dituen sentipenak atera nahiko ditu, emakume sentitu nahiko du. Horretarako, hainbat barne eta kanpo gatazkari aurre egin beharko die: ikaskideen erantzuna, bikotekidearen onarpena, gizartetik at dagoela ez sentitzeko beharra… Oso film borobila da, transexualitatea bikain jorratzen duen istorio ederra, argazki paregabea, eta 80ko eta 90eko hamarkadetako musika aparta.

Emozioak dantzan jarriko dizkigu 'Laurence Anyways' filmak.

Emozioak dantzan jarriko dizkigu ‘Laurence Anyways’ filmak.

Bere laugarren lana, baina, Tom à la ferme da, gure zinema aretoetan estreinatu ez den arren, orain gutxi ikusteko aukera izan dudan filma. Ez da Dolanen onena, nire iritziz. Tomen bikotekidea hil egingo da, eta hiletan haren sendia ezagutuko du. Mutilaren amari ezingo dio semearekin zuen harremana azaldu, hark ez zekielako semea homosexuala zenik. Eta hala, harreman berezi bat sortuko da Tomen eta bikotekide ohiaren familiaren artean. Film honetan, Dolanen lehen eta bigarren lanetan bezalaxe, zuzendariak egingo du aktore nagusiaren papera.

2014an, halaber, Mommy aurkeztu zuen Canneseko zinemaldian, eta epaimahaiaren saria jaso zuen Jean-Luc Godardekin batera. Filma Donostiako Zinemaldian eskaini zuten ondoren, Perlak sailean, eta orduan ikusi nuen nik neuk ere. Kasu honetan, Dolan ez den beste gazte baten arazoak ikusiko ditugu. J’ai tué ma mère lanean bezalaxe, ama-semeen arteko harremana erakutsiko digu, baina oso istorio ezberdin bat. Steve gazteak hiperaktibitatea du, eta tarteka oso erasokorra da. Amak ez du jakingo zer egin, gizarte zerbitzuek semea itzuli diotelako, eta berak bakarrik hezi beharko duelako. Pixkanaka, haien bizilagun misteriotsua sartuko da jokoan. Filmak formatu bitxia du, lan ia osoan zehar karratua delako, une batean izan ezik, Steve libre sentitzen den momentuan.

'Mommy' filmean Stevek pantailaren tamaina aldatuko du.

‘Mommy’ filmean Stevek pantailaren tamaina aldatuko du.

Dolanek lanean darrai etengabe, eta aste honetan bertan bere lan berria, Juste la fin du monde, aurkeztuko du Cannesen. Marion Cotillard eta Léa Seydoux bezalako aktore ezagunek hartu dute parte, gainera. Jean-Luc Lagarceren antzezlan baten moldaketa da. Sail Ofizialean emango dute, eta ikusteko dago saritua suertatuko den ala ez. Laster gurera heltzea espero dut.