Angifes Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak, Mintzatuz osatu sentsibilizazio kanpainaren baitan, buru osasuna jorratzen duten filmen zikloa antolatu du Eibarren. Helburuak buru osasun arazoak dituzten lagunekiko enpatia sortzea eta gizartearen babesa sustatzea dira. Gaur bertan, maiatzak 16, bigarren saioa egingo dute.
Iragan azaroan Zinea eta Buru Osasuna batzen dituen lehen zikloa prestatu zuen Agifesek Donostiako Principe zinema aretoan. Ekimenak arrakasta izugarria izan zuen ikusleen artean, eta Eibarren bigarren ziklo bat egitea ebatzi dute.
Saioak astelehenetan izango dira, eta Donostian zikloan aurkeztutako lau lanetatik hiru errepikatuko dituzte oraingoan. Zikloa maiatzaren 9an hasi zen Silver Linings Playbook (El lado bueno de las cosas, David O. Russell, 2012) film arrakastasuarekin. Gaur, hilak 16, bigarren emanaldia egingo dute, eta fobia soziala eta beste hainbat nahasmendu lantzen dituen Elling (Petter Naess, 2001) lan norvegiarra eskainiko dute. Maiatzaren 23an, ostera, gertaera errealetan oinarritutako Joe Wrighten The Soloist (El Solista, 2009) filma proiektatuko dute, eskizofrenia duen biolontxelo-jotzaile baten historia. Shine (Scott Hicks, 1996) film australiarrak itxiko du zikloa maiatzaren 30ean, eskizofrenia izan zuen David Helfgott pianista eta haur prodijioaren bizitzan oinarritutako istorioarekin.
Proiekzioak amaitutakoan, Carmen Clemente psikologoak gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango dute ikusleek. Sarrerak doakoak dira, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso behar dira Coliseo zinemako leihatiletan edo Donostiako Agifesen egoitzan, film bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar. Emanaldiak Eibarko Coliseo zinemaren 1. aretoan egingo dituzte, 19:30ean.