High-Rise
J.G. Ballardek 70eko hamarkadan idatzitako eleberrian oinarritutako bertsio librea aurkeztu digu Ben Wheatley zuzendari britainiarrak. Robert Laing doktorea Torre Elysium etxe-orratzera iristen den unea kontatuko digu. Dorreko bizilagunak gizarte perfektu utopikoa irudikatzen dute, Laingek lasaitasun horren atzean zerbait ezkutatzen dela susmatuko du. Zientzia fikziozko thrillerra Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten iaz.
Mississippi Grind
Bolada txar baten ostean, Gerry poker jokalariak zuen diru guztia galduko du, eta ezingo die zorrei aurre egin. Egun batean Curtis ezagutuko du, jokoan galtzeko beldurrik ez duen gaztea, eta elkarrekin, Mississipi ibiaia jarraiki, zorrak kitatzeko behar duten dirua lortzera abiatuko dira. 2015eko Independent Spirit Awards sarietan aktore onenaren sarirako proposatu zuten Ben Mendelsohne, eta urte berean National Board of Review sarietan, urteko film independente onenaren saria eskuratu zuen filmak.
Fúsi (Virgin Mountain)
Dagur Kári zuzendari islandiarrak idatzi eta zuzendu duen filmak amaren etxean bizi den 43 urteko Fúsi du protagonista. Gizon lodikotea da, eta lanean jazarri egiten dute. Bere pasioa II. Mundu Gerrako eszenak irudikatzen dituzten figurak egitea da, eta ez du sekula neska-lagunik izan. Egun batean, dantza-eskola batera gonbidatzen duen txartel bat oparituko diote, eta bertan Sjöfn ezagutuko du, bera bezain bakartia den emakume berezia.
The Man Who Knew Infinity
Srinivasa Ramanujan matematikari indiarraren biografia pantaila handira eraman du Matt Brown estatubatuarrak. Ramunujanek, matematikan prestakuntzarik jaso ez zuen arren, eta lortu zuen guztia bere kabuz erdietsi zuela kontuan hartuta, ekarpen ikaragarriak egin zizkion matematika puruen alorrari.
Un homme idéal
25 urterekin, aktore ospetsu bilakatzearekin amesten du Mathieuk, osabaren enpresan lan egiten badu ere. Une batetik bestera, gaztearen zoria gutiz aldatuko da hil berria den agure baten eskuizkribua aurkituko duenean. Zalantza egingo duen arren, bere izenean sinatu eta argitaletxe batera aurkeztuko du dokumentua. Hala, literatura frantsesean etorkizun oparoko mutiltzat hartuko dute, eta gaztearen bigarren eleberria irakurtzeko irrikatan izango dira. Ezkutuko sekretu hori babesteko, gezurrak eta indarkeria baliatu beharko ditu. Yan Gozlanek zuzendu du drama frantziarra, eta Pierre Niney sartu da aktore nagusiaren azalean.
The Witch
Robert Eggers estatubatuarrak idatzi eta zuzendutako beldurrezko filma, eta iaz Sundance jaialdiko Zuzendari Onenaren saria lortu zuen. 1630ean, AEBtako Ingalaterra Berria eskualdean bost seme-alaba dituen bikotea bizi da, kristau kolonoak. Basotik hurbil bizi dira, eta herritarrek, basoa naturaz gaindiko gaizkiak menperatzen duela uste dute. Bat-batean, seme jaio-berria desagertu egingo da, eta laborantzako lurrek fruituak emateari utziko diote.
Eye in the Sky
Katherine Powell (Helen Mirren) koronelak, Keniako talde terrorista bat harrapatzea helburu duen operazio sekretuen taldea zuzenduko du. Terroristak ekintza suizida bat prestatzen ari direla ohartu bezain azkar, planak goitik behera aldatu beharko ditu, gaizkileak harrapatu beharrean, hil egin beharko dituztelako. Ezustean, baina, neskato gazte bat sartuko da terroristen gordelekura, eta hura bizirik ateratzeko modua topatu beharko dute. Erresuma Batutik datorkigun gerra giroko drama, Gavin Hood zuzendariak gidatutakoa.
The Angry Birds Movie
Angry Birds bideojokoen sagan oinarritutako animaziozko filma Clay Kaytis eta Fergal Reillyk zuzendu dute. Hegan egiten ez dakiten arren, zoriontsuak diren hegazti berezi horien uhartean kokatuko da filma. Dena den, haien artean badira elkar jasan ezin duten hainbat txori, hala nola, umore txarreko Red txoria, Chuky bizkorra eta hegan egiten dakien bakarra, Bomb. Halako batean, txerri berde batzuk helduko dira uhartera, eta Red, Chuky eta Bomb haien azpijokoaz jabetuko dira. Haur eta nerabeei zuzendutako komedia.
The Girl King
Mika Kaurismäki finlandiarrak gidatutako drama biografikoak XVII. mendera eramango gaitu. Suedian, 1633. urtean, Cristina printsesa koroatu zuten. 6 urte besterik ez zituen une hartan, baina urteak aurrera, buruzagi bikaina izatea lortu zuen, eta botere kontserbadoreei aurre egin zien Suediako gizartea eta izaera errotik aldatuz. Etorkizuna bermatzeko, ezkondu eta oinordekoak izan beste aukerarik ez zuen, baina mugimendu feministaren aitzindaria izan zen, pentsalari askea eta iraultzailea.
Absolutely Anything
Botere berezidun estralurtarren talde bati buruzko zientzia-fikziozko komedia. Ahotsa Monty Python umorista talde britainiarrak jarri du.
Esa sensación
Juan Cavestany, Julián Génisson eta Pablo Hernandok zuzendutako dramak maitasunaren, fedearen eta borondatearen inguruan diharduten eta elkar gurutzatzen diren hiru istorio kontatuko dizkigu.
Full of Grace
Film estatubatuarrak Testamentu Berriaren historia kontatuko du, Maria amabirginaren ikuspuntutik.