Woody Allenek lehiaketaz kanpo aurkeztu zuen Café Society filmarekin abiatu zuten atzo Canneseko 69. Zinemaldia. Datozen egunetan, halaber, zinegile entzutetsu ugariren filmak proiektatuko dituzte nazioarteko jaialdi ezagunean, eta George Miller zinegile australiarrak zuzendutako epaimahaia arduratuko da aurtengo Urrezko Palmorriaren jabea nor izango den erabakitzeaz.

Cannes-69-Zinea.eus

Jaialdi frantziarrean ohikoak diren zinegileek alfonbra gorria zapalduko dute beste behin ere datozen egunetan, izan ere, Canneseko Zinema Jaialdiko sail ofizialean lehiatuko dira, besteak beste Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaia belgikarrak (La fille inconnue filmarekin), Ken Loach ingelesa (I. Daniel Blake lanarekin), Cristian Mungiu errumaniarra (Bacalaureaut filmarekin), Jim Jarmusch estatubatuarra (Paterson filmarekin), Xavier Dolan kanadarra (Juste la fin du monde lanarekin), Pedro Almovodar espainiarra (Julieta dramarekin), Jeff Nichols estatubatuarra (Loving lanarekin), eta Asghar Farhadi iraniarra (Forushande filmarekin).

Haiekin batera lehiatuko dira, gainera, Andrea Arnolden American Honey, Kleber Mendoça Filhoren Aquarius, Paul Verhoevenen Elle, Bruno Dumonten Ma loute, Brillante Mendozaren Ma’Rosa, Park Chan Wooken Mademoiselle, Nicole Garciaren Mal de Pierres, Nicolas Winding Refnen The Neon Demon, Alain Guiraudieren Rester Vertical, Olivier Assayasen Personal Shopper,  Sean Pennen The Last Face, Cristi Puiuren Sieranevada eta Maren Aderen Toni Erdmann.

Epaimahaia eta Ohorezko Palmorria

George Miller zuzendari, gidoigile eta ekoizleak gidatutako epaimahaian, bestetik, izango dira Arnaud Desplechin zinegile frantziarra, Kirsten Dunst aktore estatubatuarra, Valeria Golino aktore eta zuzendari italiarra, Mads Mikkelsen aktore danimarkarra, Laszlo Nemes zuzendari hungariarra (aurtengo ingelesaz besteko hizkuntzetan egindako film onenaren Oscar saria eskuratu du Son of Saul filmagatik), Vanessa Paradis aktore eta abeslari frantziarra, Katayoon Shahabi ekoizle iraniarra, eta Donald Sutherland aktore kanadarra.

Ohorezko Palma, baina, Jean-Pierre Leaud aktore frantziarrak jasoko du. 1959az geroztik, berak egindako film ugarik hartu dute parte Canneseko zinemaldian, baita aurten ere.