Dokumentalen generoari lotuta dauden produktoreen arteko harremanak sustatzeko topagunea da IBAIA Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Donostia Zinemaldiko Industry Clubek, Zinemaldiko egitarauaren baitan, urtero antolatzen duten Lau Haizetara foroa. Aurtengo edizioa irailaren 20an, 21ean eta 22an egingo dute, eta bertan aztergai izango diren lanak aurkezteko epea zabalik izango da uztailaren 15era arte.
Ikus-entzunezko sektoreko profesionalei topagune bat eskaini eta dokumentalen generoko produktore europarren artean koprodukzio-harremanak sustatzeko asmoz abiatu zuten Lau Haizetara foroa orain hamabi urte, eta berauetan landutako proiektuek ibilbide interesgarriak izan dituzte azken urteetan.
Foroak hiru atal nagusi izango ditu: Tailerrak, Pitching Saioak eta Bilera Indibidualizatuak.
Tailerretan, aukeratuak izan diren produktoreak hainbat tutoreren eta adituren laguntzarekin, erakusketara eramango dituzten proiektuak hobetzen eta horiei potentzialtasuna ematen ahaleginduko dira. Aldiz, pitching jardunaldietan, sektoreko profesionalen zein proiektuen erosle potentzialen (hala nola, nazioarteko zein bertako telebista kateetako arduradunen) aurrean aurkeztuko dituzte poriektuak. Goizez egingo diren saioetan, gaian aditua den moderatzaile bat izango dute, eta ekoizle bakoitzak 15 minutu izango ditu bere lana “saltzeko”. Arratsaldeetan, azkenik, aukeratutako proiektuen ordezkariek editoreekin lankidetza-akordioak zehazteko bilera indibidualizatuak egingo dituzte.
Gainera, programaz gaindiko beste hainbat jarduera egingo dira jendea Europako errealitate zinematografikora eta kulturalera hurbiltzeko.
Aurtengo edizioa irailaren 20tik 22ra egingo dute, 64 Donostia. Zinemaldiarekin batera. Parte hartu nahi izanez gero, izena emateko epea zabalik izango da uztailaren 15era arte.