Zinema independentea lantzen duen Bartzelonako Crater-Lab kolektiboak Optical Printer inprimagailu optikoaren inguruko lantegia eskainiko du maiatz amaieran Tabakaleran, eta taldeko Luis Macias artista eta zinegilea arduratuko da saioez. 16mmko filmetako efektu bereziak nola egiten diren ezagutzeko aukera paregabea izango da.

Iralean zabaldu zutenetik, Tabakalera zentroak hainbat sorkuntza laborategi antolatu ditu, hala nola, Zinemagilearen burua; El contacto que impresiona; eta Ekoizpena, gorputza eta hitza izeneko tailerrak. Maiatzaren 23tik 26ra, halaber, Optical Printer deritzon laborategia antolatuko dute. Horretarako, zinema independentearen sorkuntza, ekoizpen, esperimentazio eta proiekzioa aztergai dituen Crater-Lab artista katalanen taldea gonbidatu dute Donostiara.

Optical-Printer-Zinea.eus-Tabakalera

Lantegiak Optical Printer deritzon 16mmko filmak egiteko erabiltzen den efektu berezien makina izango du ardatz, eta Crater-Lab kolektiboko Luis Macias zinegile eta irudi-birziklatzailea arduratuko da inprimagailu optikoaren funtzionamendua azaltzeaz. Laborategia analogikoa izango da, eta ikasleek zeluloide gainean irudiak kopiatu eta itsatsiko dituzte, kamerarik gabeko zinema egiten ikasiko dute, Tabakaleraren estudioan errebelatuko dituzte materialak, eskuekin eta irudimenarekin jolastuko dute…

Parte hartzaile kopurua mugatua izango da, gehienez ere 12 laguneko taldea, eta aldez aurretik Tabakalerako web orrian izena eman behar da. Materiala erosi ahal izateko 20 euro ordaindu beharko du ikasle bakoitzak. Ordutegiari dagokionez, maiatzaren 23tik 26ra (astelehenetik-ostegunera) goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara egingo dituzte saioak.

Zinema independentearen inguruan ikasi nahi duenarentzat aukera paregabea izango da! Animatu!