Zuzendaria: Montxo Armendariz

Urtea: 1986

Herrialdea: Euskal Herria

“Zer beste gauza egin daiteke?”. Jonek galdera batekin erantzun die galderei, bere lagun Patxik egindakoei; ez baitu erantzunik, ezta gogorik ere aurrera egiteko. Ikusleak berak ez du irtenbiderik ikusten gaztearentzat, heroina utzita ere. Bada, horixe da Montxo Armendariz zuzendariaren lorpen handiena filmean: itxaropenari zirrikiturik ez uztea, etsipena garaipen gisa ulertu badaiteke.

Jon (Martxelo Rubio) donostiar gazte bat da. Pelikulak bere bizitzaren 27 ordu kontatzen ditu, goizeko zazpietatik biharamuneko goizeko hamarrak arte, Maite (Maribel Verdu) bidaide duela; literaltasun osoarekin, gainera. Patxi (Jon Donosti) bikotea gidatzen saiatuko da, itsaso barrenean zein lehorrean, ontzia hondoratzear dagoela ikusita. Harea-erlojua martxan dago, atzerako kontaketa abian, Kontxako erloju orratzek erabakita.

Hamabi urte nituen filma estreinatu zutenean, hiru urte gehiago lehen aldiz ikusi nuenean; drogekiko lehen hartu emana izan zen niretzat. Droga-menpekotasuna filmaren gai nagusitzat jo nuen orduan, institutuan, Etikako ikasgaian. Huts egin nuen, azalean geratu nintzen, 1980. hamarkadako gizarte desegituratuaren ondorioetako batek harrapatuta, langabeziari, gazteriaren etorkizun ilunari eta polizien sirena hotsei gehiegi erreparatu gabe. Horrela izanik, oharkabean pasa zitzaidan Jonek drogei buruz esandakoa: “Gauza okerragoak daude”.

Elipsia erabiltzen du Armendarizek, 27 orduak 81 minututan laburtzeko baino gehiago, kameraz kanpo gertatzen denak ez duelako azalpenik behar, ezta dosi txikietan ere. Besoetako xiringa ziztadak imajinatzea bezain mingarria da aita eta semearen arteko harremana irudikatzea, edo amak eta arreba txikiak duten hutsunea aitortzea. Osabak bere etxean hartu du Jon, baina honek ere ez du inongo itxaropenik adierazten. “Eta zu, nora zoaz horren goiz?”, galdetu dio ilobari, egunerokoarekiko borroka galduta dutelakoan.

Imanol Larzabalen ahotsak tristura areagotzen du, Barrikada eta Zarama musika taldeen abestiek 1980. hamarkadan betikotu egiten dute istorioa eta argazkiak, bere aldetik, postalaren beste aldea erakusten du; Donostia grisa eta itogarria ere badelako, hogeita hamar urte geroago ere, kultur hiriburua hiriburu. Azken finean, lehen aldi hartan izandako ondoeza bera piztu zait oraingoan ere, filma ikusi eta gero. Gizarteak gaixo jarraitzen duen seinale.

https://youtu.be/P4VBP6I4BdU

0