Iragan asteazkenean abiatu zuen Nafarroako Filmotekak Zinema arkitektura izeneko zikloaren zazpigarren edizioa. Hala, hil honetako lau asteazkenetan dokumental bana eskainiko dute, eta solasaldia egingo dute ostean. Sarrera doakoa izango da.
Erich Mendelsohni buruzko Duki Dror zuzendariaren Incessant Visions (2012) dokumentalarekin abiatu zuten zikloa joan zen asteazkenean, maiatzak 4, eta bertara hurbildu ziren lagunek arkitekto espresionista judu-alemanaren bizimodu gorabeheratsua eta bere obra hunkigarria ezagutzeko aukera izan zuten.
Datorren asteazkeneko, maiatzak 11, saioan, Haus Tugendhat (2013) lana eskainiko dute. Mies van der Rohe etxe ospetsuaren historia deskribatuko du.
Maiatzaren 18an, ostera, Pennsylvaniako (New York) tunelak eta geltoki handia eraiki zireneko gertaerak izango dira ikusgai. The Rise and Fall of Penn Station filmaren emanaldiaren ondoren, Carlos Chocarro historialariak moderatuta, Javier Manterola ingeniariaren eta Fernando Redon arkitektoaren arteko solasaldi interesgarria egingo dute.
Eta amaitzeko, maiatzaren 25ean, El arquitecto de Nueva York dokumentala emango dute, Valentziako Rafael Guastavino arkitektoaren bizitzaren eta obraren berri ematen duena.
Saioak 20:00etan izango dira, doan.