Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendari eta Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideak agerraldia egin dute gaur hedabideen aurrean 64. Donostia Zinemaldiko irudi nagusia eta sailen kartelak ezagutarazteko. Jorge Elosegui donostiarra da kartel nagusiaren egilea.
Orotara bederatzi kartel aurkeztu ditu gaur Donostia Zinemaldiko zuzendaritzak, hau da, sail bakoitzaren irudia eta zinemaldiaren kartel orokorra. Azken hau hautatzerako orduan, berrikuntza gisa, hamar estudiorekin hitz egin dute aurten aurrenekoz; gonbidapena luzatu zieten, eta bidalitako proposamenen artean aukeratu. Bada, Estudio Primoko Jorge Eloseguiren lana izan da aukeratua.
Eloseguik Donostiako hainbat zine jaialditako kartelak egin izan ditu, tartean, Surfilm Festival eta Dock of the Bay jaialdietako irudiak. 64. Donostia Zinemaldirako aurkeztu duen irudian, baina, kolore biziak eta tipografía zaindua erabili ditu, eta zati handi bat eskuz egin du. Zinemaldia elkargune bezala irudikatu nahi izan du, industriako profesional, kazetari nahiz ikusleen elkargune gisa.
Bestalde, bost sailetako kartelak hautatzeko lehiaketa jarri zuten martxan urte hasieran, laugarren kartel lehiaketa, eta mundu osoko diseinatzaile zein norbanakoek hartu dute parte. Orotara 482 egileren 1692 proposamen jaso dituzte, baina bost izan dira irabazleak:
- Zuzendari Berriak sailean: Vuela (2), Marco Tóxico boliviarrarena
- Horizontes Latinos sailean: Una mirada a través, Concepción Domingo Real espainiarrarena
- Perlak sailean: Campo perlado, Raxel Andara venezuelarrarena
- Zabalategi-Tabakalera sailean: Pájaro en el cielo, Maite Rosende Gutierrez donostiarrarena
- Culinary Zinema sailean: Caleidoscopio, Antonio Pontí Ibars katalanarena
Horiez gain, 2013an sortu zen Savage Cinema sailerako Carlos Mauricio galiziarrak egin duen Ingravidez kartela aurkeztu dute. Baita atzera begirako tematikoen irudiak ere, Donostia Zinemaldiak eta Eurosintesisek egindakoak. Lehena mundu osoko indarkeria egoeren analisia egingo du, eta bigarrena Jean-Stéphane Sauvaire zuzendari frantsesari buruzkoa izango da.