K2, zerua ukitzen
Eliza Kubarska dokumentalista eta alpinistak zuzendutako filmak 1986an K2 mendira ibilbide zailenetik igotzeko elkartu ziren bederatzi espedizioen historia gogorra ekarriko digu, hamahiru alpinista hil baitziren “uda beltza” bezala ezagutzen den gertaeran. Filma Zineuskadiren Zinema Euskaraz zikloaren baitan estreinatuko dute larunbatean Ordizian, eta maiatzean zehar Elorrio, Bilbon, Gasteiz eta Villabonako aretoetan ere eskainiko dute.
Plemya (The Tribe)
Cannesko Kritikaren Astean film onenaren garaikurra eskuratu ostean heldu zen Donostiara, iaz. Zinema Europarraren Sarietan urteko aurkikuntza izendatu zuten, gainera. Miroslav Slaboshpitskyk gidatutako nerabezaroko drama ukraniarra da. Gazte gormutu bat barnetegi batera sartuko dute, eta bertan bizirauteko, Tribua izeneko taldean sartuko da, delitu txikiak egiten dituzten gazte gatazkatsuz osatutako taldean, alegia. Baina buruaren maitalearekin izango duen harremanak taldearen hierarkia haustera eramango du. “Zeinu hizkuntzan egindako filmak ez du bikoizketa eta azpititulurik. Maitasunak eta gorrotoak ez dutelako itzulpenik behar”.
Freeheld
Laurel Hester eta Stacie Andrék osatutako bikote estatubatuarraren justiziaren aurkako borroka islatzen duen 2007ko dokumental homonimoa film bilakatuta helduko zaigu oraingoan. Iazko Donostia Zinemaldian lehiatu zen Petter Solletek filma. Julianne Moore eta Ellen Page aktoreak sartu dira Hester eta Andréren azaletan, hurrenez hurren. Hester Nueva Jerseyen bizi den izen oneko agentea da, eta sendatu ezinezko minbizia diagnostikatu diote. Egindako lanagatik dagokion pentsioa bikotekide Stacieri eman diezaioten nahiko du, baina bikote homosexuala diren aldetik, justiziaren aurka gogor borrokatu beharko dute. Gertaerak 2005-2006an jazo ziren New Jerseyn.
Right Now, Wrong Then (Ji-geum-eun-mat-go-geu-ddae-neun-teul-li-da)
Hong Sang-soo zuzendari korearraren lana Locarnoko Zinemaldian eta Gijongo Zinemaldian saritu zuten iaz film onenaren eta aktore onenaren kategorietan. Zinema zuzendari independente baten (Jeong Jae-Yeong) eta margolari baten (Kim Min-hee) arteko topaketatik abiatzen den maitasun istorioa kontatuko digu.
https://youtu.be/5X51PoQwtlI
Jane Got A Gun
Jane (Natalie Portman) mendebaldeko gizon arriskutsuenaren emaztea da. Bishop anker taldeak eraso egin dio Janen senarrari, eta gizona zortzi aldiz tirokatu dute. Zaurituta helduko da etxera. Janek mendeku hartzea erabakiko du, eta haien zain geratu beharrean, aspalditik berarekin maiteminduta dagoen senarraren etsaiarekin joango da Bishop taldearen bila. Gavin O’Connorrek aurkeztuko digun western draman emakumearen figura izango da protagonista nagusia.
El olivo
Icíar Bollaín zuzendari espainiarraren drama berria. Alma 20 urteko gazteak izugarri maite du aitona, hitzik esan gabe urteak daramatzan arren. Egun batetik bestera, aitonak jateari utziko dio, eta Almak erabaki garrantzitsu bat hartuko du orduan: familiak aitonaren borondatearen aurka saldu zuen milurteko olibondoa berreskuratuko du. Helburua lortzeko, baina, osaba, Rafa laguna eta ia herri osoa jarriko ditu martxan. Hala ere, olibondoa Europako zein ingurutan landatuta dagoen jakin beharko dute lehenik.
The Other Side of the Door
Semea galdu berri duen Mariak umearengandik agurtzeko beharra du, eta horretarako aukera emango dion erritua aurkituko du. Akats bat tarteko, hildakoen eta bizidunen munduak bereizten dituen atea zabalduko du, ordea, eta bere bizia arriskuan jarri beharko du familia osoa seme zuenaren arima gaiztotik babesteko. Johannes Robertsek gidatutako beldurrezko film britainiarra.
Ride Along 2
2014 urtean estreinatu zen Ride Along filmaren bigarren atala Tim Storyk zuzendu du, eta Phil Hay eta Matt Manfredik idatzi dute. Ben (Kevin Hart) institutu bateko segurtasun begiralea da, eta bideo-jolasen zale amorratua. Bi urte daramatza James (Ice Cube) detektibea konbentzitu nahian, polizia akademian onartu dezan. Halako batean, onartu egingo dute, baina benetako bokazioa duen ala ez jakiteko Jamesek herria patruilatzera eramango du. Benek jakin gabe, baina, ezohiko egoeraz betetako eguna izango da. Asteko komedia zoroa.
Peace to Us in Our Dreams
Iazko Sevillako jaialdian lehiatu zen Sharunas Bartas lituaniarraren filma. Asteburua igarotzera landa eremura joango den aita, ama eta alabaren istorioa kontatuko du filmak. Lasaitasun bila joan baziren ere, bizilagunek bestelako egoerak eragingo dituzte.
https://youtu.be/-FCR7IN3x1I
Nacida para ganar
Encarnak bizimodu arrunta darama Mostolesen: aspaldi lortu zuen lanpostuan, betiko mutil-lagunaren ondoan, eta etorkizuneko proiekturik gabe. Egun batean, baina, María Dolores institutuko lagun onarekin elkartuko da, eta bere bizitza goitik behera aldatuko da. Negozio berritzaile batean hasiko da lanean, eta aberastu egingo da berehala, aspalditik amesten zuen neska bilakatuz. Vicente Villanuevaren komedian aritu dira Alexandra Jiménez, Cristina Castaño, Victoria Abril, Trinidad Iglesias eta Susi Bodega, hala nola.
En mai, fais ce qu’il te plaît
Christian Carion zuzendari frantziarrak II. Mundu Gerrara eramango gaitu. 1940an, Frantzia erori zen garaian, naziengandik ihesi eta bahitu dioten semearen bila ariko da filmeko protagonista (August Diehl). Iazko Cesar sarietan soinu-banda onenaren kategorian proposatu zuten Christian Carionen film drama frantziarra.
Triple 9
John Hillcoatek zuzendutako akzioz beteriko filma. “Triple Nine” kodeak berehalako laguntza esan nahi du polizientzat, eta kodeaz baliatuta, Los Angeles hiriko Polizia despistatu eta lapurreta handi bat egin nahiko du kriminalez eta agente ustelez osatutako talde batek.
Tini: El gran cambio de Violetta
Argentinan ekoitzitako Violetta telesail ezagunean oinarritutako filma da. Jaun Pablo Buscarinik gidatu ditu Martina Stoessel gazteak gorpuztutako pertsonaiaren abentura berriak pantaila handira eramango dituen lana. Violetta, beraz, nazioarteko bira batetik itzuliko da, eta jasoko dituen albisteak tarteko, ordura arte ezagututako guztia zalantzan jarriko du. Bere barne ahotsa topatzen eta hark agindutako bidea egiten ahaleginduko da. Nerabeei zuzendutako musikala.
https://youtu.be/5VovT47nHkQ
Re-emigrantes
Oscar Parra de Carrizosak Espainiako Villanueva de los Molinos herrixkan kokatutako komedia aurkeztuko du. Briones familiako kideek sorterrira itzultzea erabakiko dute, lasaitasuna eta harmonia nagusi izango direlakoan. Baina itzulera uste baino gogorragoa izango da.