Maiatzarekin batera egitarau berria estreinatu du Euskadiko Filmategiak. Ostegun honetan, hilak 5, abiaraziko dute Billy Wilder zuzendari austrohungariarrari eskainitako zikloa Double indemnity (Perdición, 1944) filmaren proiekzioarekin Tabakalerako egoitzan.
Billy Wilder zinemagilea duela 110 urte jaio zela baliatuta, Euskadiko Filmategiak maiatzeko zinema-zikloa eskainiko dio. Lau filmeko saioa izango da, eta Wilderren alde serioena zein komikoena erakustea izango du helburu.
Kazetari eta gigolo lanetan aritu zen austrohungariarra, eta bere familia Auschwitzen hil zen. Gertaera hark, dena den, ez zion zuzendari-grina itzali, eta bere gidoiak pantailaratzea lortu zuen. Estilo guztietako filmak egin zituen, beti ere, ikusleak ez aspertu eta entretenitzeko erronka bere gain hartuta. Behinola, Hitchcockek Double indemnity (Perdición, 1944) lana ikusi zuen, eta une horretatik aurrera, zinemaren historiako bi hitz garrantzitsuenak “Billy” eta “Wilder” zirela esan zuen.
Saioak ondorengoak izango dira:
- Maiatzak 5: Double indemnity (Perdición) 1944, Aurkezpena: Juan G. Andrés
- Maiatzak 12: The lost weekend (Días sin huella) 1950
- Maiatzak 19: Sunset Boulevard (El crepúsculo de los dioses) 1950
- Maiatzak 26: Ace in the Hole (El gran carnaval) 1951
Proiekzio guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira Tabakalerako zinema aretoan, eta lanak jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpitituluekin ikusi ahal izango dira.
Sarrerek 3,50 euro balioko dute. 25 urtetik beherako lehen 25 gazteek, baina, doan sartzeko aukera izango dute proiekzio egunetan 18:30etik aurrera txartel-leihatilan nortasun agiria erakutsita.