Emakumeon Klaketa izenburupean, ikus-entzunezko industrian diharduten emakumeen ikusgarritasuna sustatzea izango du helburu KCD Garapenerako Gobernuz Kanpoko erakundeak antolatutako aurtengo topaketak. Zazpigarren edizioa maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean egingo dute EHUren Udako Ikastaroen egitarauaren baitan, Bilbon, Bizkaia aretoan.
Aldaketa soziala helburu, komunikazioarekin lotura duten profesionalak, hala nola, zinegileak, jaialdietako ordezkariak, koordinatzaileak eta komunikazio sareetan diharduten profesionalak, elkartzeko eta hausnarketak zein sinergiak bultzatzeko asmoz, Kultur, Komunikazio eta Garapen Topaketak antolatzen ditu urtero KCD erakundeak. Edizio honetan, baina, emakume zinegileen ikusgarritasuna handitzea; herri, eskualde eta nazioarteko emakumeen sareak sustatzea; giza garapena eta eraldaketa soziala lortzeko komunikazioa indartzea; eta esperientzia zein estrategia feministak elkartrukatzea izango dute helburu topaketek.
Maiatzaren 31 eta ekainaren 1ean egingo dituzte, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen egutegiaren baitan, Bilboko Bizkaia aretoan. 10:00etan hasi eta 18:30ak arte hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dituzte bi egunez, eta izen-ematea erabat doakoa da.
Besteak beste, Palestina, Egipto, Kuba, Espainia, Uganda zein Euskal Herritik etorritako emakumezko profesionalak ariko dira irakasle lanetan, Juan Carlos Vázquez Velascoren zuzendaritzapean.
Programazio osoa eta izen-ematea.