Joan zen egunean, El País egunkariak Jose Luis Guerin zinegileari egindako elkarrizketa irakurtzen ari nintzela, odola bor-bor jarri zitzaidan, orain hilabete batzuk ikaskideekin jarri zitzaidan modura, Guerinen La Academia de las musas film berria zinemara ikustera joan nintzenean.
Ez dakit zuei, baina niri odola modu ezberdinetan sutzen zait, eta egun hartan pasioak eta amorruak eragin zidaten berotasun hori gorputzean.
Taldean zazpi lagun ginen, lau neska eta hiru mutil. Eta zinema aretoa beteta zegoen, astelehena eta 22:00ak zirela kontuan hartuta, txalogarria.
Zuzendariak pantailan idatzitako ohar batekin hasi zen filma: “Jose Luis Guerinek filmaturiko Raffaele Pintoren esperientzia pedagogiko bat”. Plano horri unibertsitateko gela batean gertatzen zen ikasleen eta irakaslearen arteko solasaldi intelektual eta interesgarri batek jarraitu zion. Sekuentzia hark pelikulan parte hartzen duten pertsonaiak aurkezteko balio zuen, eta ikusleoi pelikularen nondik norakoak ulertu, edo behintzat usaintzen laguntzeko.
Irakasleak (Raffaele, gizona) eta ikasleek (emakumeak denak, tartean, Raffaelen emazte Rosa), Dante-ren Divina Comedia lanetik abiatuta, pasioaz, “musa”-ren kontzeptuaz, eta beste hainbat gaiz eztabaidatu zuten. Solasaldian argi geratu zen emakumeek irakasleak bezain ongi hitz egiten zutela.
Hitzak jasotzen zuen sekuentzia haren pisua, baita filmarena ere. Lehen “odol bor-borra”: pasioa. Ikaragarria iruditu zitzaidan lehen sekuentzia hura; nola mantentzen zuen tentsioa, eta nola, Danteren inguruan ezertxo ere jakin ez arren, edonork jarrai eta uler zezakeen gertatzen ari zena, hitzen diskurtsoaren atzean ezkutatzen den egoera.
Pena izan zen pasioak eragindako irakite puntu bakarra sekuentzia hark soilik sortu izana, baina egia da hasierako ohar horrek atzean zekarrela zuzendariak filmarekiko zuen harremana eta konpromezua; esperientzia “pedagogikoari” egotzi zion bertan azaltzen ziren pertsonaien errepresentazioa.
Lehen sekuentzia hartan irakaslearen botere eta dialektika maila bera zuten emakumeak, baina, filmak aurrera egin ahala, estatus hori galtzen joan ziren. Telenovela baten antzera, andreek irakaslearekin hainbat topaketa intimo izan zituzten, non gizonarekiko sentitzen zuten desira manifestuan jartzen zuten.
Maitasunaren eta sexu-grinaren inguruko diskurtso intelektual eta teorikoak entzuten ziren etengabe filmean, argi eta garbi utziz pantailan agertzen ziren emakume horiek ikasiak zirela, eta nolabaiteko maila edo klase soziala zutela. Ez ziren 20 urteko neskatoak, 30-40 urte inguruko emakume-ikasle-intelektualak baizik.
Izenburutik hasita, beste behin ere, gizon batek emakumeen unibertsoa adierazteko egindako filma zela igarri zuten nire begiek. Filmean ez zen sekula gizonaren ahultasun momenturik erakutsi, ez zen gizon horrek izan zezakeen alde femeninorik azaldu, eta aldiz, emakumeen makultasunak agerian jarri ziren lehen momentutik.
Filmean irakaslearen figurari kontra egiten dioten bi pertsonaia zeuden; bigarren mailako pertsonaia bat, eta bere emazte Rosa. Hain zuzen, bigarren honengan jarri nuen azken itxaropen tanta, amorruak sorturiko odol bor-borrak lurrundu zuen arte.
Ernegua ez zidaten soilik pertsonaia estereotipatu horien errepresentazioak sortu, baita desira, maitasuna eta gisako emozioen ikuspegi burges eta intelektualistak ere.
Pena izan zen zinematik irten ginenean, pelikularen iraina sentitu genuen bakarrak emakumeak izan ginela jakitea, baina gertaera hark pelikulak jasotako sari eta kritika onak ulertzen lagundu zidan. Mezua ulertu nuen: zinemaren mundua, oraindik, maskulinoa da.