Laida Lertxundi (Bilbo, 1981) Los Angeles hirian bizi den zinegile eta artista euskalduna da. Bere errodajeek hilabeteak irauten dituzte, eta 16mm-ko formatuan errodatzen du bereziki. Istorioak kontatzeko erabiltzen dituen hiru euskarri nagusiak pertsonak, paisaiak eta soinuak izan ohi dira. Bere filmografiari errepaso bat eginez gero, aipatutako Los Angeles hiriaren miaketa progresibo baten bidez eraiki duela ohartuko gara -Norbegian grabatutako Either/Or salbu-. Bitxia da, baina, Hollywoodetik guztiz kanpo kokatzen den zinema mota honekin lan egin behar duenean, industria erraldoi horrek erabiltzen dituen tresna eta laborategi berdinetan egitea. “Nire filmak errebelatu behar ditudanean, adibidez, latak Mad Men telesaileko laten alboan egon daitezke”.
Baina, Lertxundiri buruzko errepaso hau alderantziz hastea gustatuko litzaidake. Bere obran murgildu baino lehen, lan guzti horiek nazioartean izan duten oihartzuna aipatu nahiko nuke, ondoren hausnarketa txiki bat zabaltzeko. Museo, zinema jaialdi, galeria eta hainbat erakusketetan proiektatu dituzte Lertxundiren lanak -hartu arnasa- :
DA2, Salamanca (2015); Vdrome (2014); La Alhondiga/Azkuna Zentroa, Bilbo (2014); eta Marta Cervera Contemporary, Madrid (2013). Bienal de La Habana, Cuba (2015); Wild Screen, Connemara, Ireland (2015); Al’s Grand Hotel, Frieze Projects, New York, 2014; LIAF, Biennial, Norway (2013); the Lyon Biennale (2013); eta The Whitney Biennial, Whitney Museum of American Art (2012)-en aurkeztu dituzte . White Chapel Gallery, London (2015); Glynn Vivian Gallery, Wales (2015); National Gallery of Art, Washington D.C. (2015); Arte ederren museoa, Medellin, Kolonbia (2015); LUX, London (2014); Kunstverein, Hamburg (2014); Edinburgh International Film Festival (2014); BAM, Brooklyn (2014); MAK Schindler House, Los Angeles (2014); PS1 MoMA (2013); Museum of Contemporary Photography, Chicago (2013); Baltimore Museum of Art (2013); eta Tate Modern, London (2011).
Gurean ere egon da, jakina, Tabakaleran ikus-entzunezko garaikidearen inguruan hausnartu eta jarduteko modu berriak praktikan jartzeko tailerrean parte hartu baitu. Michael Snow, Andy Warhol ala Jonas Mekas bezalako zuzendarien lanak aztertu zituen. “Paisaiaren behaketa ariketa egingo dugu. Parte hartzeko interesa dutenek paisaiaren argazki finko bat edo soinu bat bidaltzea nahi nuke. Ez du ikusgarri izan behar, argi egokia edo perfektua… ez. Prozesua interesatzen zait gehiago, lan materiala izatea nahi dut, gaizki egindakoa izatea nahiago dut, hobea izan zitekeen zerbait. Lekua hautatzea da kontua, irudiaren gaineko erabakiak hartzea, edo soinuaren ingurukoak, paisaiarekiko lekua hartzea, begirada bat agertzea.” Hori zioen Laidak tailerra aurkezterako orduan. Eta une horretan ohartu ginen hasieran aipatutako hiru euskarriak bere lanean izan duten pisuaz eta garrantziaz. Zinema esperimentala eta paisaiaren behaketa uztartzen dituena, bereziki.
Euskal Herrian, zer?
Ahozabalik uzteko moduko ibilbidea, ezta? Saiatu orain Googleen “Laida Lertxundi” bilatzen. Erdaraz bizpahiru orrialde erakutsiko dizkigu, eta gainerakoak, ingelesez. Eta… euskaraz? Bakar bat ere ez. Nola liteke mundu mailan prestigioa duen emakumezko zinegile/artista euskaldun baten oihartzuna euskal komunikabideetan ez islatzea? Zinema esperimentala egiten duelako soilik? Orain urte batzuk, esaterako, Footness to a house of love lanari esker Euskal Zinemaren saria jaso zuenean, aretoan zeuden kazetari eta kritikari batzuengandik txistuak jaso zituen. Euskal Herrian hedatzen den erdarazko egunkari oso ezagun batean diharduen kazetari batek, adibidez, ondorengoa argitaratu zuen bere blogean “ (…) Como mola irse al desierto de California y hacer algo así como intenso y vanguardista con cancioncillas de fondo y sin enfocar los rostros. Underground (…)”. Argi dago ez dela ikusle guztiek atsegin duten eta ulertzen duten zinema mota. Baina aitortu beharra dago, askotan, esfortzurik egin gabe ulertu nahi ez dena ere egon badagoela.
Dena den, hain herri txikia garen aldetik, gure artean halako artista baten meritua goraipatzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait, are gehiago emakumezko zuzendari baten kasuan. Beraz, nire apaltasunean, Laida Lertxundiren lana gehiago ezagutu dadin nire harri-koskorra jartzen saiatuko naiz.
Bere obra
Izenburu adierazgarrienak:
- 2015 Live to Live (16mm, 11 min)
- 2014: We had the experience but missed the meaning ( 16 mm, 8min)
- 2013: Utskor: Either/Or (16 mm, 7,5 minutu)
- 2012: The Room Called Heaven (16 mm, 11min)
- 2011: A Lax Riddle Unit (16 mm, 6 min)
- 2010: Cry When It Happens ( 14 min)
- 2009: My Tears Are Dry, 4 min., 16 mm, eta Farce Sensationelle! (35 mm, 3.5 min)
- 2007: Footnotes to a House of Love ( 16 mm, 13 min)
Lan eta biografia osoa sakontasunez ezagutzeko.
Pentsatuko duzuen bezala, zinegile Bilbotarrari buruzko informazio zabala topatzea zaila bada, are zailagoa da bere obra ikustea, ia ezinezkoa. Beraz, zuzenean berarekin harremanetan jartzea erabaki nuen. Segituan erantzun zidan, eta hainbat lan ikusteko aukera eskaini zidanez, banan-banan ikusi eta aztertzea iruditu zitzaidan interesgarriena, zinema ikusi eta ulertzeko duen berezko doain hori ulertzen saiatzeko ez ezik, lanen artean loratzen diren kontzeptu guzti horiek deskubritzeko ere.
Ez da erraza Lertxundiren obra sailkatzea. Sentitu beharreko zinema egiten duelako. Esanahien bilaketa horretan, zinema estrukturalistaren estrategia formalak, eta batez ere, errealitatearekin harremanetan dauden eguneroko esperientziak erabiltzen dituelako gida moduan. Guk, ikusle moduan egin beharrekoa inongo aurreiritzirik gabe, besterik gabe, pixkanaka, bere lanetan murgiltzen joatea da.
Baina, lanok sailkatzea zaila den bezala, gugan pizten dituen emozioak deskribatzea ere ez da kontu erraza. Batzuk malenkonia senti dezaketelako, lasaitasuna ala axolagabetasuna, zergatik ez. Baina bada maleziaz barre egingo duenik ere, ziur. Lehen aipatutako kazetari haren kasuan bezala, gutxieneko esfortzurik egiteko prest ez daudenak, batez ere. Definitu gabeko egoera emozionala piztea izan liteke agian berak bilatzen duena. Ez dut uste kasualitatez gertatzen denik, lanetan azaltzen diren pertsonaia horiek hitz bakar bat ere ez esatea. Haien artean elkarrizketak daude, baina ez hitzen bidezkoak, keinu eta ekintza-elkarrizketak baizik. Hitzik gabeko komunikazioa; Lertxundik gure barruan piztu nahi duen horretarako erabiltzen duen tresna berbera, alegia.
Sekuentzia ugari errepikatu egiten dira; zeruertz ala horizontea ohiko elementua da, adibidez. Basamortuak, mendiak, zeru urdina, kostaldea… Baina bada oso ikonikoa eta adierazgarria iruditu zaidan beste elementu bat ere: mendi baten aurrean ageri den telebista zahar bat (itsaslabar baten aurrean ageri den irratiaren adibideak ere balio du, noski). Landu nahi duen gaiaren barruan igeri eginez gero, irudi oso esanguratsua izan liteke. Azken urteetan eta teknologia berrien inbasioarekin, mendira goazenean, hondartzara… hau da, paisaiaz ala naturaz gozatzen ari garenean, beti azaltzen da lasaitasun hori etengo duen tresna ala aparailuren bat. Alegia, Lertxundik erakusten digun hori, elementu natural bat da, baina etenda dago. Mozketa bat egon da, zatikatu egin dute (bere zinema bezala). Gakoa, ordea, ikusle bakoitzak egiten duen irudi horren irakurketa ala interpretazioa litzateke. Footnotes to a House of Love (2007, 13min, 16mm) lanean adibidez, basamortuaren erdian etxola bat ageri da. Gazte batzuk, bertatik sartu eta ateratzen diren bitartean, ateak, leihoak botatzen dituzte, toki itxi bat, gune “zabal” bilakatuz. Kanpoa/barrua dikotomia hori suntsitu egiten dute.
Askotan aipatu du Lertxundik bere erreferente nagusia James Benning dela, eta hori oso nabarmena egin zait. Benningek 30 filmetik gora egin ditu 30 urtean; beti kategoriei desafio eginez. AEBko mendebaldeko kostako zinema esperimental erradikalaren maisua da. Bere lana sakontasunez ezagutzen dutenen hitzetan, Ipar Ameriketako zinema gorputz bakar gisa hartuko bagenu – zinema independentea, esperimentala, klasikoa eta modernoa bereizi gabe, alegia-, James Benningen lana bizitzeko beharrezkoak diren organoetako bat litzateke. Lertxundiren obran bezala, estatubatuarraren obra guztietan ere igartzen da irudiekin eta plano mutuekin jokatzeko ahalegin hori. Paisaietan eta gizakiengan gertatzen diren aldaketak dira bere lanen oinarria. Ten Skies filmean, esaterako, etxeko lorategitik ikusten den zerua erretratatu zuen, hamar minutuko hamar plano finkoren bidez.
Ondorioa…
Goraipatzekoa eta meritu handikoa da artista euskaldun honen ibilbidea eta lana. Baina nabarmentzekoa da, bereziki, Los Angeles hirian bizi den arren, zinema ulertzeko eta sentitzeko duen berezko estilo horri erabat zintzoa izaten jarraitzen duela. Kutsakorrak izan ohi diren Hollywoodeko haize horiek, ez dute bere ibilbidea okertu. Askok, zinematik baino, artetik gertuago dagoela dioten arren, ez al luke zinemak ere artea izan behar? Ala zinema ez da jada arte moduan ikusten? Eztabaida metafisikoak alde batera utzita, eta Lertxundiren filmografiaren zati bat ikusi ostean, ondorio nahiko argi batera iritsi naizela uste dut: oro har, zinema esperimentala poesiatik nahiko gertu dagoela pentsatu izan dut beti. Irudiak eskaintzen dizkiguten arren, esanahia ezkutu hori pantailaren eta ikuslearen artean sortu beharreko zerbait delako. Hori da obra bakoitza ikustean egiteke geratzen den lana. Elkarrizketa ikusezin moduko hori sortzea, alegia. Eta hori izan liteke, nire ustez, Lertxundiren helburu nagusia, ikuslearengan emozio zehaztugabeak eragitea. Zinema emozioen bitartez eraikitzea, azken finean.
A ze deskubrimendua! arrazoi osoa, nola da posible emakume hau ezagutu ere ez egitea? ez dut zinema esperimentala gogoko (edo agian zuk diozuna ez dut ulertu nahi kar kar kar), baina hori ez da aitzakia. Artikulu bikaina, hurrengorako gogotsu! fin beti bezala, eutsi