IBAIA Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak aditzera eman duenez, enpresek ETBrekin sinatutako kontratuak zalantzan jarri izanak, Espainiako Zinemaren Legeak jasandako aldaketek, eta ICAA Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak hartutako azken neurriek euskarazko eta euskal ikus-entzunezko produkzioaren etorkizuna kolokan jarri dute.
1997an sortu zen IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak agerraldia egin zuen asteartean Tabakaleran, euskal sektoreak bizi duen arrisku egoera agerian jartzeko. Elkarteak 36 bazkide ditu, eta sektorearen % 80 inguru ordezten du.
Hiru izan dira, nagusiki, IBAIAren aburuz, ikus-entzunezko produkzioak aurrera egitea zaildu duten erabakiak: batetik, ICAAk idatziz egindako aitorpena, ETBk euskal enpresen filmetan izandako parte hartzearen inguruan. Izan ere, kontratuei legitimitatea ukatu zien, eta Euskal Telebistak egindako ekarpenak erakunde publikoetatik etorritako laguntza gisa ulertuak izan ziren. Hala, Espainiako erakundeak ematen dituen laguntzak % 25 eta % 45 artean murriztu dira, hau da, 300.000 euro inguru gutxiago jasoko dituzte euskarazko filmek.
Bigarrena, Zinemaren Legeak berriki izan dituen aldaketak. Enpresek laguntzak jaso ahal izateko bete behar dituzten baldintzak aldatu egin dituzte, eta horrek euskal enpresei sarbidea zaildu die.
Hirugarrena, ICAAk hartutako azken neurriak izan dira. Esaterako, 2012an Zinematografiaren Funts Autonomikoa ezabatu zuten; berriki zehaztu bezala, obra “zailek” (hala nola, hizkuntza gutxituetan egindako obren) jasotako laguntza publikoek ezin dute proiektuaren aurrekontu osoaren % 60 gainditu (Europako Batasunak ez die mugarik jartzen obra “zailek” jaso ditzaketen laguntza-iturriei); eta hizkuntza gutxituetan egindako lanek diru-laguntza publikoak jaso ahal izateko bete beharreko baldintzak hizkuntza ez gutxituetan egindako lanek bete beharreko baldintzekin berdindu dituzte, lehenengoei ekarpenok jasotzea zailduz.
Egoera berri honen aurrean, euskal ikus-entzunezko sektoreko enpresa asko oso egoera larrian daudela salatu du IBAIAk, ziurgabetasunak eta proiektuak finantzatzeko ezintasunak ekoizpen asko bertan behera utziko dituelako, eta horregatik, Eusko Jaurlaritzaren babesa eta esku hartzea eskatu ditu.