Chocolat

Roschdy Zem zuzendari frantziarrak XIX. mendean arrakasta handia lortu zuen Frantziako zirku beltzeko Chocolat pailazoaren (Omar Sy) historia aurkeztuko du. Pertsonaia benetan famatua zen Chocolat, publizitatea egiten lehena eta Toulouse Lautrec zein Lumière anaiak bezalako artista garaikideen inspirazio iturria. Filmean Foottit (James Thierrée) pailazoarekin osatu zuen pailazo zuri-beltz bikotearen sorrera ikusiko dugu, baita horren aurretik nola igaro zen esklabo izatetik fama handiko artista bilakatzera.

Trumbo

Dalton Trumbo gidoigile estatubatuar ospetsuaren biografia pantaila handirako egokitu du Jay Roach zuzendari estatubatuarrak. Trumbok Espartaco zein Vacaciones en Roma bezalako lan ezagunak idatzi zituen, 1940an komunista zelako salatu eta Hollywoodeko zerrenda-beltzean sartu zuten arte. Hala, filmak 40ko hamarkadara eramango gaitu, Trumboren ibilbideko urte ederrenetara. Gerra Hotzaren garaian, orduko senatari McCarthyk konspirazio komunista aitzakiatzat harturik, “gorrien” aurkako sorgin-ehiza abiatu zuen. Ikerketa Hollywoodera ere heldu zen, eta langileek leialtasun froga bati aurre egin behar izan zioten. Hala, bere joera politikoengatik Hollywoodeko zerrenda beltzean sartu zuten Trumbo, ibilbide profesional aberatsa goitik behera zapuztuz. Sariei dagokienez, aurtengo Oscar sarietan, Urrezko Globoetan, BAFTA sarietan zein Critics Choice Awards sarietan gizonezko aktore onenaren garaikurra eskuratzeko proposatu dute Bryan Cranston aktore nagusia.

Der Staat gegen Fritz Bauer

Lars Kraume zuzendari alemaniarrak XX. mendera egin du jauzi bere lan berrian. II. Mundu Gerra amaitu zenetik hamabi urte igaro direnean, nazismoaren amaieran, Fritz Bauer fiskalak krimenak egin dituzten naziak atxilotzeko ardura bere gain hartuko du. Ikerketa Adolf Eichmann SSko kidea izandako nazi zitalarengana bideratuko du. Zintak 2015eko Locarnoko jaialdiko ikusleen saria jaso zuen, eta urte berean, Alemaniako Zinema Sarietan bederatzi alditan proposatu zuten film eta aktore onenen kategorietan.

Demain

Dokumental frantziarra munduaren amaierari buruzko Cyril Dion eta Mélanie Laurent zuzendarien elkarlana da, eta 2015eko Cesar sarietan dokumental onenaren saria jaso zuen. Gizateria 2100 urtean desagertuko dela aurreikusten duen txostena argitaratu ostean, Dionek eta Laurentek hamar herrialde zeharkatzera eramango dituen bidaia abiatuko dute, hondamendiari nola aurre egin asmatu nahian. Krisi ekologiko, ekonomiko eta soziala modu positiboan konpontzeko asmoa duen istorioa.

Crumbs

Miguel Llansó zuzendariak apokalipsi osteko Etiopiako paisaietan filmatu du Candy pertsonaia protagonistatzat duen lana. Candyk amets bat du: betiereko beldurra inposatzen ez duen estatu batean bizi nahi du. Hala, martxan jarriko da, beti amestu izan duen hori espero bezain ona ez dela ikusi arte.

Captain America: Civil War

Capitan America sagako hirugarren filma Anthony eta Joe Russo anaia ospetsuek zuzendu dute. Kasu honetan, Mendekatzaileen taldea bitan zatituko da, izan ere, presio politikoak indartu egin dira, superheroien jarrera nolakoa izan behar den eta noiz deitu behar zaien zehazten duen sistema berri bat tarteko. Aurreko ataletan bezalaxe, oraingoan ere Chris Evans, Robert Downey Jr., Scarlett Johansson, Daniel Brühl, Elizabeth Olsen, Paul Rudd, Jeremy Renner, Martin Freeman eta Hollywoodeko dozena bat izarrek hartuko dute parte akzioz eta efektu bereziz beteriko lanean. Hala, gaizkile indartsu berri bati aurre egin beharko diote. Marvel Studios ekoizpen etxe ezagunaren egokitzapen berriak ikusmin handia piztu du.

La punta del iceberg

Egunotan Malagako zinema jaialdian aurkeztu dute David Cánovas, José Amaro Carrillo, Alberto García Martín eta Antonio Tabaresek zuzendutako filma. Multinazional batean hiru langilek beren buruaz beste egin dute, eta Sofía Cuevas (Maribel Verdú) enpresako goi-kargua gertatutakoa argituko duen txostena osatzeaz arduratuko da. Lankideekin edukiko dituen elkarrizketetan, botere gehiegikerien eta etengabeko gezurren berri izango du. Filmean aurpegi ezagun ugari ikusiko ditugu, tartean, Maribel Verdú, Fernando Cayo, Bárbara Goenaga eta Álex García.

La noche que mi madre mató a mi padre

Inés París zuzendari espainiarraren lana ere Malagako Zinemaldian aurkeztu berri dute. Filmeko pertsonaia nagusia Isabel da (Belen Rueda), konfiantza gutxiko emakumea. Antzezle profesional gisa haintzat hartu dezaten nahi du, zahartzearen beldur. Trama gau bakarrean igaroko da, Isabel afari berezi bateko anfitrioia baita: Angel senar gidoigilea eta Susana Angelen emazte ohi eta zinema zuzendaria, Diego Peretti aktorea konbentzitzen ahaleginduko dira, bien artean idatzi duten obran parte har dezan. Gaua igaro ahala, afariaren norabidea guztiz aldatuko duen ezusteko bat gertatuko da.

Mother’s Day

Amaren egunean jazoko diren lau istorio. Sandy (Jennifer Aniston) izaera gogorreko emakumea guraso-papera behar bezala bete nahian dabil senar ohia neska gazteagoko batekin hasi dela jakin duenetik. Miranda (Julia Roberts), aldiz, telebista kate garrantzitsu bateko aurkezle ezaguna da. Bere ezkongabetasunaz gozatzen ari da, profesionalki une gozoak bizi dituen bitartean. Jessek (Kate Hudson), bere aldetik, senar indiarra zaindu behar du. Elkarrekin gustura dauden arren, bere sendiak ez du senarraren jatorria onartzen. Eta azkenik, Bradley (Jason Sudekis) aita gaztea dugu; amaren eguna iristeko beldur da. Emaztea hil zenetik, aurrenekoz ospatuko du egun berezia amarik gabe geratu diren alabekin. Garry Marshallek gidatu du izarrez jositako komedia.

Ratchet & Clank

Veldin izeneko planetan bizi da Ratchet, Galactic Space Rangers taldeko superheroi izatea amesten duen gaztea. Bat-batean, superheroi berriak hartzeko froga deialdia zabalduko du taldeko nagusiak. Bitartean, Drek zitalak Tenemule planeta suntsitzeko asmoa izango du. Izen bereko bideo-jokoaren moldaketa egin dute Jericca Cleland eta Kevin Munroek.

The Trip to Italy

Bi gizon britaniar, sei otordu, sei kokaleku. Italian zehar, errepidez, egindako bidaia. Liguria, Toscana, Roma, Amalfi eta Capri zeharkatuko ditu Michael Winterbottom zuzendariaren komediak.

Sune i fjällen

Etxeko haur eta nerabeei zuzendutako komedia, familia suediar komiko baten gorabeherak islatuko dituena. Sune gazteak gustuko duen ikaskide Sophie mutil eder batekin eskiatzera joango dela jakingo du. Neskatoaren atzetik joan nahiko du, eta Andersson familia osoa konbentzituko du mendira joateko, eskiatzen ez dakiten arren.

Quatretondeta

Pol Rodríguezek zuzendutako filmak Malagako zinemaldian sail ofizialean aurkeztu dute. Tomas zaharraren emaztea hil ondoren, haren gorpua lurperatzea besterik ez du buruan, baina emaztearen Frantziako familiak gorpua Parisera eramateko eskatu du. Tomasek gorpua lapurtzea erabakiko du orduan, emazteak eskatu bezala, Alikanteko Quatretondeta herri txikian lurperatzeko asmoz. Baina agureari bidea ahaztuko zaio, eta galdu egingo da. Orduantxe hasiko dira benetako abenturak.