Orain bi hilabete banatu zituzten Oscar sariak Los Angeleseko Dolby Theatre aretoan, baina aurtengo edizioaren inguruko polemika oraindik buruan dut. Afroamerikarrek boikota egin zieten sariei beren komunitateko hautagairik ez zegoelako. Haiekin ados nago, baina kritika hori zabaldu egin beharko litzatekeela uste dut, aurtengo edizioan emakume zuzendaririk ere ez delako egon hautagaien artean, eta gainera, pelikula onenaren sarirako proposatuen artean, gehienek gizonak zituzten protagonista (zortzi filmetik hirutan ziren soilik emakumeak protagonista). Oscar sarien historian, gainera, emakume bakarrak irabazi du zuzendari onenaren sari preziatua, 2009.urtean Kathryn Bigelowk lortutakoa, alegia.

Oscar-2016-zuzendari-izendatuak

Aurtengo Oscar sarietan ez dute emakumerik proposatu zuzendari onenaren kategorian.

Guerrilla Girls mugimenduak urte asko daramatza egoera hau salatzen. Dirudienez, Hollywooden emakumeak alfonbra gorrian jantzi ederrekin ibiltzeko dira baliagarriak, eta sari banaketetan, aktoreak ez diren emakumeak makillatzeko eta orrazteko balio dute soilik. Guerrilla Girls mugimenduak oso ongi azaleratzen du bere kanpainetan AEBtako Senatuan emakume gehiago daudela emakumezko zuzendari saridunak baino.

Guerrilla Girls mugimenduaren kartelak.

Guerrilla Girls mugimenduaren kartelak.

Baina ez dira sariak bakarrik: iaz Patricia Arquette aktoreak argi salatu zuen gizon eta emakumeen arteko soldaten arteko desberdintasuna. Bere hitzek munduari buelta eman zioten. Arquettez gain, Cate Blanchett, Jennifer Lawrence zein Emma Watson bezalako aktoreak beren eskubideen alde hitz egiten hasi dira: soldata parekideak, alfonbra gorrian emakumeekiko dagoen jarrera, eta beste hainbat auzi salatu dituzte.

Arraza eta generoa albo batera utzita, LGTBI komunitatea ere ez da Oscar sarietan islatu, nahiz eta 2016an gai honen inguruko bi film eder estreinatu diren, Carol eta The Danish Girl. Cate Blanchett buru duen filma sei kategoriatan izan da hautagai, baina ez du saririk jaso, eta Eddie Redmayn protagonista duen filmak lau proposamen izan ditu, sari bakarra jaso badu ere, taldeko emakuzmezko aktore onenaren saria, Alicia Vikanderentzat. Nire ustez, bi lan horiek AEBtako Zinemaren Akademiak film onenaren kategorian aukeratutako zortzi filmetako hainbatek baino indar handiagoa dute.

Ez da kasualitatea Akademia horretako kideen gehiengoa gizon, zuri, heterosexualek osatzea. Epaimahaiak gertuko istorioak ikusi nahi ditu, eta ez du bere erosotasun gunetik atera nahi. Akademiako zuzendari Cheryl Boone Isaacsek epaimahaiko kideak aldatzeko konpromezua hartu du, ikusteko dago aldaketa horrek zer ekarriko duen datorren urteko proposamen eta sarietan.

Transparent telesailaren aktore-taldea Urrezko Globoa jaso zutenean.

Transparent telesailaren aktore-taldea Urrezko Globoa jaso zutenean.

Harritzen nauena zinemaren eta telesailen arteko desberdintasuna da. AEBetan badira hainbat urte pertsonaia trans, lesbiana, gay, bisexual edo intersexualak ageri direla, esaterako, Amazonen Transparent telesailean edo Netflixen Orange is the New Black lanean. Amazonen telesaila Urrezko Globoetan saritu dute, eta MTV katea gazteentzat egindako Faking it telesailaren hirugarren denboraldia eskaintzen ari da, non pertsonaia garrantzitsuenak emakume lesbiana bat, pertsonaia intersexual bat eta mutil gay bat dira. Badirudi telesailak zinemaren aurretik doazela, eta telebistako ekoizleek errealitatea erakusteko apustua egin dutela. Ikusteko dago zer gertatuko den datorren urteko Oscar sarietan, baina gauzak asko aldatu behar dira berdintasuna helburu badugu.