Urtea: 2015
Herrialdea: Frantzia
Tony (Emmanuelle Bercot) eta Georgioren (Vincent Cassel) arteko harremana kontatuko digu Mon roi filmak. Errehabilitazio klinika batean dago Tony, eskiatzen ari zela istripu bat izan eta belauneko lotailua hautsi ostean. Emakumearen oroitzapenen bidez ezagutuko dugu bikotearen istorioa. Gorabeheraz beteriko istorioa.
Maïwennen filmak oso kritika txarrak zituela ikusi nuen, eta jakin-mina piztu zidan. Iritzi orokorrari kontra egitea gustatzen zaidanez, filmak horretarako aukera emango zidala pentsatu nuen, eta asmatu egin nuen.
Film indartsua da zuzendari frantziarrarena. Pasioz beterikoa, begiak kliskatzeko aukerarik ematen ez dizuten horietakoa. Bai, betiko istorioa da: neska batek mutil bat ezagutu du, maitemindu egin dira eta gorabeherak dituzte bien arteko harremanean. Jada ezagutzen dugun istorioa, noski. Baina horrek ez dio freskotasunik kendu. Ezta bikote suntsikorraren bizitzaren lekuko izan nahi hori baretu ere. Maitemindu egingo baikara. Ez une lasai eta politez bakarrik, baita pozoiz beteriko uneez ere. Eta pixkanaka ondoratuko gaitu. Konturatzerako, mendekotasun egoera ilun batean kokatuko gara, eta protagonistaren erabaki inozoenak ere justifikatuko ditugu. Intentsoa da. Oso.
Beraz, berriz ere irakurri ditudan iritziekin bat ez natorrela konturatu naiz. Logikarik ez duten erreakzioz beteriko film bat dela irakurri dut nonbait. Eta ados nago era batean, baina ez dut filmaren alderdi negatibotzat hartzen. Izan ere, bikote baten harremana erretratatu digu Mon roik, eta logikak lekurik ez duen harreman bat da. Horretan datza funtsa. Beraz, logika alde batera utzi eta dramak eskainiko digun bidaian murgiltzea da aukerarik onena.