(jabetza publikoko erakunde bat lehenbailehen, mesedez)

Ez dakit badakizuen, baina otsailaren 12an Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak jardunaldia burutu zen Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan; ekimen zeharo beharrezko bat, Patxi Saez euskaltzale handi eraginkorraren proposamenari heltzen ziona. Hantxe Euskaltzaindiak berak argiro esan zuenaren arabera, hizkuntzaren akademiak ez dio dema horri bakarka helduko, inolaz ere. Asko poztu nintzen hitz horiek entzunda, zeren zerbait argi badago gabiltzan biribilgunean honako hauxe da: euskararen elefanteari ezin zaiola oratu, erakunde publiko eraginkor baten partaidetzaz ez bada.

35mm-proiektorea-Zinea.eus-Cliff-de-Hory

Izan ere, aspaldi abiatu behar genuen erakunde bat abiarazi beharra daukagu lehenbailehen: geldiro ez, baina betaro bai enpresa pribatuei euskaldunon eskubideak aintzat harrarazteko gidalerroak eta erraztasunak emango dizkien erakunde bat. Betiere eskubide horiek gure biziko egunero-eguneroko beharrak diren aldetik aurkeztuta. Azken hori, nire iritziz, giltzarri da.

Gurera ekarrita, berandu baino lehen behar dugun erakunde horrek hain zail al luke honako hau egitea? Hurrengo urtean estreinatuko diren filmetatik egokienak hautatu, azpitituluak sasoiz prestarazi, eta modu egokian utzi banatzaileen, telebisten, kulturgileen, ikastegien eta bestelako erabiltzaileen esku. Jakina, berdin egin beharko litzateke atzerriko telesail arrakastatsuenekin eta hagitz harrera ona izan duten bestelako edukiekin. Berdin zaigu non eta nola kontsumitzen diren. Baina euskaraz.

Gauzak horrela bideratuta, euskararen joko-zelaira erakartzea lortuko genuke hain beharrezko ditugun beste hizkuntza batzuk, batik bat ingelesa. Horrezaz gainera, hizkuntza hegemonikoei beste lehiakide bat agertuko litzaieke haien erabateko nagusitasun diglosikoa ezbaian jarriz. Eta hori, aberasgarria izateaz gain, guztiz onuragarri gertatuko litzaioke hizkuntza gutxituari, hirugarren hizkuntza baten agerpenak are gehiago indartzen duelako hizkuntza propioaren kontzientzia.

Kodak-Potea-Zinea.eus-Cliff-de-Hory

Bestetik eta gai honi zeharo lotuta ere, jardunaldi hartan harrigarriki (!) entzun ez nuen berba bat ekarri beharra dago elefantearen eztabaidara: digitalizazioa. Izan ere, digitalizazioak onura asko ekarri ahal dizkie hizkuntza gutxituei… erne ibiliz gero! Adibide bat: gaur gaurkoz gure zinema-areto gehienek kopia berbera erabiltzen dute filmaren hizkuntzaren bertsio guztietarako, zeluloidezko kopiarekin batera, behin eta betiko joan baitzen soinu-banda pelikulan inprimatu behar hura. Hortaz, kopia bakarrarekin bertsio ezberdinak programatzen ari dira, zinema-aretoari eta banatzaileei kostu gehiago eragin gabe. Lehen ez zegoen hori egiterik.

NEC-Cinema-Zinea.eus-Cliff-de-Hory

Alabaina, digitalizazioak joko-zelaia zeharo aldatu badu ere, badirudi lehengo parametroetako ikuskerarekin begiesten dugula arazoa, berdintsu baikabiltza oraindik hainbat eta hainbat esparrutan. Kasurako, zinemarengandik hain urrun ez dauden bideo-jokoetan. Eta berdin janarien etiketatzean eta abar. Baina nolatan gauzatu hori?

Bada, argiune ezinbesteko bat, nire ustez, jardunaldietan egokiro aipatua izan zen kontzeptu batek ematen digu: Euskaldunon Komunitatea. EAEri soilik erreparatuta, euskaldunok, gutxienez, heren bat gara (gehitu beharko genituzke, erdaldunak izanda, euskara sustatzearen alde daudenak; eta horiek ere, nire iritziz, estrategikoak dira). Hortaz, komunitate horrek, jabetza publikoko erakunde horren bidez nortasun batez hornituta, enpresa pribatuei jakinaraziko lizkieke zeintzuk diren haren beharrak; legez babestuta dauden beharrak, alegia. Ondorioz, gutxienez, jakingo genuke nork eskaintzen digun zerbitzua eta nork ez; eta badakigu zelan erantzuten duten konpainiek bezero hitza aditzean; betiere ahaztu gabe Euskaldunon Komunitatea bezero-multzo ondo errentagarri bat garela hainbat eta hainbat ekoizleentzat.

Hortaz, balia dezagun garen hori era inteligente batean eta, otoi, abia dezagun erakunde hori lehenbailehen, beharra dugu-eta. Baita zinemazaleok ere!