Kalaka Labek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak zineari buruzko Zineleku udalekuak antolatuko dituzte aurten lehen aldiz. Hamar eguneko egonaldia izango da, uztailaren 23tik abuztuaren 1era, Zarauzko aterpetxean, eta 18 eta 25 urte arteko gazte gipuzkoar eta arabarrek izena emateko aukera dute jada. Animatu!
Zineari buruzko tailerrak eta ikus-entzunezko industriako profesionalen zein beste diziplina artistikoetan diharduten adituen master classak eskainiko dituen ikastaro trinkoa izango da Zineleku. Ikus-entzunezko arteetan, arte ederretan, zein ikus-entzunezko komunikazioan interesa duten 18 eta 25 urte arteko gipuzkoar eta arabarrei zuzendutako saioak izango dira, eta egonaldi osoa euskaraz egingo dute, bi taldetan banatuta.
Gaiei dagokienez, besteak beste, film baten sortze-prozesua, ideietatik gidoi zinematografikora nola igaro, argiaren garrantzia, ekoizpena, zinema esperimentala, errealizazioaren teoria eta praktika, zinemarako musika eta beste hainbat gai landuko dituzte, eta irakasle lanetan ariko dira Jose Mari Goenaga gidoilari eta errealizadorea, Maider Oleaga gidoilari eta errealizadorea, Kepa Sojo zinegile eta MUko irakaslea, eta Katixa Agirre EHUko irakasle eta idazlea, besteak beste. Saio bakoitzaren ostean, halaber, emanaldiak, performanceak eta kontzertuak egingo dituzte.
Egonaldia uztailaren 23tik (9:00etan) abuztuaren 1era (9:30ean) luzatuko da, Zarauzko aterpetxean, eta parte hartzaile bakoitza arduratu beharko da bertara heltzeaz. Kuota 282 eurokoa izango da, baina familia ugarientzako zein familia ugari berezientzako deskontuak egingo dituzte.
Izen-ematea
Lurralde bakoitzeko 20na lagunentzako lekua dago, beraz, izen-ematea (Araba zein Gipuzkoako parte hartzaileeak) lehenbailehen egitea komeni da. Epea maiatzaren 6ra arte luzatuko da. Dena den, lekuak libre geratu badira, bigarren izen-emate txanda bat zabalduko dute maiatzaren 12tik 23ra. Bi kasuetan, zozketa bidez hautatuko dituzte parte hartzaileak.
Ez aukera galdu, eta eman izena! Informazio guztia, Zinelekuren atarian.