2011n zendu zen Aitzol Aramaio (Ondarroa, 1971) zinegile eta gidoigilearen omenezko saioa egingo dute gaur, apirilak 26, Bilboko Fas Zineklubean. Orotara zortzi euskal film labur eskainiko dituzte 19:45etik aurrera, tartean, Oskar Alegriaren Galtzerdi berdeak dokumentala eta Sonia Estevezen Abiadura animaziozko filma.

Zineklub-Fas-Aitzol-Aramaio-Zinea.eus

Terminal (2002) Aramaioren lehen laburra izan zen, eta besteak beste, Erresuma Batuan, AEBtan zein Italian eskaini zuten, baita hainbat sari eskuratu ere, hala nola, Lizarrako Film Laburren III. Erakusketako ikusleen saria, Beasaingo Zinema jaialdiko ikusleen saria, eta Gasteizko Cortada film laburren jaialdiko epaimahaiaren saria.

Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberrian oinarritutako Txokolate apur bat izan zen bere lehen film luzea, 2008ko Malagako zinemaldia itxi zuen lana, hain zuzen, eta Kepa Junkera, Berri Txarrak zein Mikel Urdangarin musikarien bideoklipak ere zuzendu zituen, besteak beste. 2011ko apirilean zendu zen, bihotzeko baten ondorioz.

Bada, El Carmen aretoko saioetan ohiko ikuslea zen Aramaio, eta haren heriotzaren oroimenean, gaurko saioa eskainiko diote zineklubeko lagunek. 19:45ean hasiko da zortzi euskal film laburren proiekzioa. Ondorengoak dira lanak:

  • Oskar Alegriaren Galtzerdi berdeak dokumentala
  • Sonia Estevezen Abiadura animaziozko lana
  • Ander Parodyren Inausketa lan esperimentala
  • David P. Sañudoren Artificial fikzioa
  • David Gonzalezen 5 segundos fikzioa
  • Iñigo Salaberriaren Luz a la deriva dokumental esperimentala
  • Ainara Porrónen Lobito bueno, bruja hermosa fikzioa
  • Oskar Alegriaren Margodantza dokumentala

Gainera, Oskar Alegria, Sonia Estevez, Ander Parody, David Pérez Sañudo, Luis Espinosa eta Ainara Porrón zinegileak emanaldian izango dira.