‘…ren gustukoena’ zikloaren baitan, Anari musikari azkoitiarraren film gustukoena, Jim Jarmusch estatubatuarraren 1986ko Down by Law (Bajo el peso de la ley), eskainiko dute ostegunean, apirilak 28, Tabakalerako zinema aretoan. Sarrerak 3,5 euro balioko ditu.
Euskadiko Filmategiak, Tabakalerako zinema aretoko programazioa osatu eta aberastu nahian, ‘…ren gustukoena’ zikloa abian jarri zuen iragan urte amaieran. Lehen gonbidatua Iñaki Gabilondo kazetaria izan zen, eta Robert Mulliganen To Kill a Mockingbird (Matar a un ruiseñor, 1962) eskaini zuten abenduaren 22an. Bigarren saioa, aldiz, iragan otsailaren 25ean egin zuten, eta kasu hartan Pedro Miguel Etxenikeren film gustukoena, Spartacus (Stanley Kubrick, 1960) izan zen ikusgai Tabakalerako zinema aretoan.
Bada, ostegun honetan, apirilak 28, hirugarren saioa egingo dute 19:00etan. Oraingoan, Anari musikariaren film atseginena ikusteko aukera izango dute ikusleek: 1986ko Down by Law klasikoa. Anari bera ere bertan izango da filma aurkezteko.
New Orleanseko ziega batean elkar ezagutuko duten hiru gizonezkoren istorioa kontatuko du filmak: DJ bat, proxeneta bat, eta turista italiar bat. Jim Jarmuschek gidatutako drama 1986ko Canneseko zinemaldian aurkeztu zuten, eta Urrezko Palmorria eskuratzekotan izan zen.