Europako eta Latinoamerikako zinemagintzaren topagunea eta erreferentziazko plataforma da urtero Donostia Zinemaldiarekin batera antolatzen duten Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, eta aurtengoan irailaren 19tik 21era egingo dute. Proiektuak bidaltzeko epea zabalik izango da ekainaren 15era arte.
Prestatze-bidean diren bi herrialdetako proiektu zinematografikoek har dezakete parte Koprodukzio Foroan. 60 minututik gorako lanak izan behar dira, finantzaketaren % 20 gutxienez bermatuta izan behar dute, eta Latinoamerikarekin berariazko lotura izatea ezinbestekoa da. Era berean, garrantzia berezia emango diote proiektua nazioarteko foro batean oraindik aurkeztu ez izanari, zein transmedia, crossmedia eta multiplataforma formatu berriekin esperimentatzen duten proiektuei.
Aurkezten diren lan guztien artean 20 izango dira hautatuak. Horretarako, Andrea Stavenhagen, Manuel Pérez Estremera eta Javier Martín nazioarteko adituen txostenetan oinarrituko da zinemaldia. Aukeratuak izan diren proiektuen arduradunek mundu osoko partner estrategikoekin, industrialekin eta finantzarioekin elkartzeko aukera izango dute proiektuen finantzaketa lortzeko.
Sariak:
• Proiektu Onenaren Saria 10.000 euro
• ARTE International Prize saria 5.000 euro
Foroan hautatutako proiektuek, gainera, beren nazioarteko ibilbidea luzatzeko aukera izango dute. Beraz, ikus-entzunezko egitasmo berriak sustatzeko, koprodukzio akordioak bultzatzeko eta profesionalen arteko kooperazioa indartzeko aukera paregabea izango da.