Bakemono no Ko

Japoniatik datorkigu Mamoru Hosodaren animaziozko lan berria. Iaz Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen lana, kategoria horretan aurkeztu zuten animaziozko lehen filma izan zen. Urte berean, gainera, Annie sarietan (animaziozko filmei emandako sarietan) film independente onenaren kategorian proposatu zuten. Bada, Kyuta ume bakartiaren abenturak kontatuko dizkigun manga filma da. Tokyon bizi da, noraezean. Kumatetsu, aldiz, fantasiazko munduan bakarrik sentitzen den naturaz gaindiko izaki da, eta tarteka gizakien mundura joaten da. Egun batean, Kyutarekin topo egingo du, eta hari segika, piztien mundura igaroko da mutikoa. Elkarri mokoka ibiliko diren arren, pixkanaka eta esfortzu handiz, piztiarengandik ikasiko du haurrak, hark ere txikiarengandik balio handiko lezioak jasotzen dituen bitartean. Kritika bikainak jaso zituen film gomendagarria.

A Bigger Splash

Luca Guadagnino italiarrak La piscine (Jacques Deray, 1969) lanaren remake librea dakarkigu. Ebakuntza garrantzitsu baten ostean indarberritzera oporretara joan den musika izarra eta bere bikotekidea dira filmeko protagonistak. Mediterraneo itsasora joango dira, eta aspaldiko ordezkaria eta gizonaren alaba batuko zaizkie. Filmak aurrera egin ahala, elkarren arteko harreman berezi eta nahasiak azaleratzen joan dira. 2015eko Veneziako jaialdian aurkeztu zen filmean Ralph Fiennes, Dakota Johnson, Tilda Swinton eta Matthias Schoenaert bezalako aktore ezagunek hartu dute parte.

Tokyo Fiancée

Stefan Liberski zuzendariaren komedia erromantikoa. Amelie 20 urteko belgikar gaztea da, eta Japoniara itzultzea erabaki du haurtzarako oroitzapenak berpizteko asmoz. Diru apur bat irabazteko, frantses-eskolak ematen hasiko da, eta hala, Rinri ezagutuko du. Talka kulturalaz baliatuta, ezagutu gabeko Japoniaren alderdi berrian murgilduko da Amelie: pertsonen arteko harremanak, paisaiak, ohiturak, giroak…

Toro

Rafael Cobos eta Fernando Navarro zuzendari espainiarren lan berria. Bost urte elkar ikusi eta hitz egin gabe igaro ondoren batu diren bi anaiaren historia kontatuko digute. Bata, kartzelan izan da, eta bestak, lapurreta egin dio perista arriskutsu bati eta alabarekin batera ihesi dabil orain. Hirurak Andaluzia basati eta malkartsuan barneratuko dira, eta bidaian zehar iraganeko gertaera eta zauriak azaleratzen joango dira. Beren burua salbatu nahi badute, baina, arazoak albo batera uzteko eta adiskidetzeko unea dela ohartuko dira. Mario Casas eta Luis Tosar aktore espainiar ezagunak sartu dira protagonisten azaletan.

Miracles from Heaven

Liseriketa arazo arraro eta larria duen hamabi urteko neskatoa, istripu gogor baten ostean, miraria balitz bezala, sendatuko da. Gertaera errealetan oinarritutako filma da Patricia Riggen zuzendari estatubatuarrarena. Jennifer Garner, Martin Henderson eta Kylie Rogers aktoreek antzeztu dituzte aita-ama eta alaba gaixoaren paperak, hurrenez hurren.

La Gunguna, una de canallas

22 milimetroko kalibrea duen pistola da La Gununa. Karibeko auzo pobreetan zehar dabil, esku batetik bestera, pertsonaia bizarro eta bereziak ezagutzeko aukera emango digun bidaian: arma trafikatzaileak, billar eta domino jokalari profesionalak, militar ustelak… Ernesto Alemanyk zuzendutako film dominikarrak umore beltza eta karikaturizatutako pertsonaiak aurkeztuko dizkigu.

Les souvenirs

Jean-Paul Rouvek zuzendu du bizitzari berari buruzko drama. 23 urteko Romain gazteak idazle izan nahi du, baina oraingoz, hotel batean dihardu lanean, gauez, zaindari lanetan. Bere aitak, aldiz, 62 urte ditu, erretiratuta dago eta ez zaio semeak zer dioen axola. 85 urteko amona bat ere badu gazteak, adineko pertsonentzako egoitza batean dagoena. Egun batean, baina, bertatik desagertuko da, eta Romainen bizitzak, pixkanaka, 180 graduko aldaketa jasango du.

Highway to Hellas

Jörg Geissner dugu komedia honetako protagonista, banku alemaniar batentzat lan egiten duen gizona. Paladiki uharte greziarrean ospitale bat eta energia lantegi bat eraikitzeko proiektua du esku artean, eta hura aurrera eramateko, Greziara joango da inbertsioak bertatik bertara kontrolatzera. Paladikira iristean, baina, proiektua geldi dagoela jakingo du, eta arazoak bata bestearen atzetik etorriko zaizkio. Aron Lehmannek zuzendutako komedia alemaniarra.

Generation Z

Apokalipsi zonbi baten ostean, garaile atera da gizateria. Herritar asko, baina, zonbi bilakatu dira, kontrolpean dauden arren. Zonbiak Resort Zombie oporretarako leku ezagun batean daude bilduta, eta bisitariek zonbiak hiltzera joan daitezke bertara, jolas moduan. Baina haietako hainbatek ihes egingo dute, eta izua eta ikara zabalduko dituzte. Steve Barkerrek zuzendutako beldurrezko film britainiarra.

Rumba Tres, de ida y vuelta

Joan Capdevila eta David Casademunt zuzendari espainiarrek rumba munduan oso ezagunak izan diren Rumba Tres musika taldearen ibilbidea islatzen duen dokumentala landu dute. Lan honen bidez, musika taldea belaunaldi berriei ezagutarazi nahi dute. Tartean, Espainiako musika munduko pertsonaia ezagun asko azalduko dira.