Zuzendaria: Jay Roach
Urtea: 2015
Herrialdea: AEB
Dalton Trumbo (Bryan Cranston) gidoilariaren historia kontatuko digu Jay Roachen film berriak. 1940. urtean Hollywoodeko zerrenda beltzean sartu zuten alderdi komunistako kide izateagatik. Ezkutuan idazten hasi zen orduan, gidoiak zerrendan ez zeuden lagunen izenean jarriz edo ezizenak erabiliz. Roman Holiday eta Spartacus filmeen gidoiak idatzi zituen, besteak beste, garai hartan.
Oso historia interesgarria kontatuko digu Trumbok, garai hartako zentsurari aurre egiten saiatu zen gizon taldearen ingurukoa. Haien idealengatik arriskatu zen taldea izan zen, Hollywoodeko garai beltz hartan planto egin zutenena.
Alderdi zinematografikoari dagokionez, film zuzena da: erritmoa du, entretenigarria da, pertsonaien garapena interesgarria da, eta errealizazioa eta argazkia ondo daude. Film ona da? Ez, film zuzena da. Pieza guztiak zuzen eraikita dituen filma. Edukiek egiten dute interesgarri. Kontatzen duen historiak darama filmaren zama, eta gainontzeko aspektuek zama horri eusten laguntzen dute, besterik ez.
Interpretazioei dagokienez, Bryan Cranstonek hainbat saritarako izendapenak jaso ditu. Aktore indartsua da, bai, baina zenbaitetan bere antzezpena gehiegizkoa dela iruditu zait. Ez dakit Trumbo bizitza errealean nolakoa zen, beharbada Cranstonen interpretazioa asko hurbildu zaio. Baina zenbaitetan, kutsu komiko bat emateko nahia antzeman dut, eta sinesgarritasuna galdu duela iruditu zait.
Film interesgarria da, beraz, Trumbo. Istorio indartsua kontatuko du, eta gainerako aspektuak zuzenak izango dira. Cranstonen antzezpena zenbaitetan gehiegizkoa iruditu arren, gustura ikusteko moduko filma da.