Aitor Arregi eta Jon Garaño hasi dira jada ‘Aundiya’ pelikularen filmaketarekin

XIX. mendean girotuta dagoen lana euskarazko drama bat izango da, eta sinestezina bezain egiazkoa den historia kontatuko digu. Batik bat, euskaraz mintzatuko dira aktoreak, baina tartean gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere entzungo ditugu.

Andiya-Grabaketa-Zinea.eusAitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariak murgildu dira Altzoko pertsonaia bitxian oinarrituko den filma errodatzen. Hasiera batean, gertaera errealetan oinarritutako lanaren emaitza umeei zuzenduriko animaziozko filma izatea espero bazen ere, azkenean errealitate itxura izango duen drama bilakatuko da.

Filmak Migel Joakin Elizegi izango du pertsonaia nagusitzat, XIX. mendean bizi izan zen munduko pertsonarik altuena. Filmaren grabaketak ageriko zailtasun tekniko ugari ekarri ditu. Bi mende atzera altueragatik ezaguna egin zen Altzoko handiak asko bidaiatu zuen munduan zehar, eta garaiko kokalekuen bila lan handia hartu du errodaje-taldeak. Bestalde, 2,42 metroko altuera zuen gizona gorpuzteko aktore bila ibili dira, eta euskaraz jakitea baldintzetako bat zen. Azkenean lortu dute antzezle euskaldun bat, baina bereziki efektu digitalez baliatuko dira 200 kiloko erraldoiaren itxura emateko.

Proiektuaren finantzaketarako ETB,TVE eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza lortu dute, eta guztira 2 milioi euroko aurrekontua dute esku artean. 2016 amaierarako prest egon daitekeen arren, 2017 urtean estreinatzea aurreikusten dute.

Aste honetan Artikutzan hasi dira errodatzen.

Zorte on grabaketarekin!