Bidaia ezberdinen esperientziak partekatzeko asmoa duen ‘Ostegun bidaiariak’ lehiaketaren 4. edizioa martxan jarri dute Aretxabaletan, eta apirilaren 15etik maiatzaren 2ra bitartean izango da.
Aurreko hiru edizioetako parte-hartze handia ikusita, aurten ere martxan jarri da ekimena udalaren eskutik. Ekimenaren helburua diaporamen bitartez bidai ezberdinen esperientziak ezagutzera ematea da, entzuleek etorkizunean beste herrialde bat bisitatzeko ideiak izateko eta zaletasuna pizteko.
Esperientzia hauek ikasle-bidaiak, opor-bidaiak, bidaia laburrak, bidaia luzeak, gertukoak zein urrunekoak izan daitezke, eta Debagoienean bizi, ikasi edo lan egiten duen edonork har dezake parte, banaka zein taldeka.
Lanek euskaraz izan behar dute, eta gehienez ere 30-60 minutu artekoak. Gainera, aurkeztuko diren bidaiek azken 5 urteotan egindakoak izan behar dute, eta parte-hartzaileek diaporamen laburpen bat eta argazki batzuk aurkeztu beharko dituzte apirilaren 15etik maiatzaren 2ra bitartean.
Izena ematen dutenen artean aukeraketa bat egingo da bidaiaren egingarritasuna eta praktikotasuna, eta diaporamen kalitatea kontuan hartuta. Honela, aurkeztutako lan guztien artean 4 izango dira lehiaketarako aukeratuak.
Sariak:
- Publikoaren saria: 100 euro.
- Parte hartzaile guztientzako 50 euroko sari-ordaina.
Emanaldiak Aretxabaletako tabernetan izango dira, ostegun iluntzetan, 21:30ean, honako egun hauetan: maiatzak 19, maiatzak 26, ekainak 2 eta ekainak 9.
Zalantzak argitzeko, gazteria@aretxabaleta.eus helbidera idatzi edota 943 71 18 62 telefonora deitu.