The Jungle Book

Rudyard Kiplingen eleberrian oinarritutako eta hezur-haragizko pertsonaiek antzeztutako filma da The Jungle Book. Jon Favreauk (aktore eta zinegile estatubatuarra, Iron Man sagako lanen zuzendaria) gidatu du oraingoan Mowgli txikiaren abenturen kontaketa. Otsoekin hazi zen mutikoa bere burua ezagutzen joango da etxetzat duen oihanetik urruntzera behartuko dutenean. Walt Disney Pictures etxearen apustu berria da, eta efektu berezi ikusgarriez gain, proiektuan parte hartu duten ahots ezagunek ere eman diote bultzada lanari, tartean baitira Bill Murray, Ben Kingsley, Idris Elba, Lupita Nyong’o eta Scarlett Johansson, Neel Sethi txikiaz gain. Sinestezina dirudien arren, Los Angelesen bertan errodatu dute film osoa (efektu digitalen paradisuan).

Race

Stepehen Hopkins zinegile beteranoaren berriena Jesse Owens atleta estatubatuarraren bizitzan oinarrituko filma da. Korrikalari azkarra 1936ko Berlingo Olinpiar Jokoetan egin zen ezagun, abiadura marka izugarriekin bost urrezko domina eskuratu eta mundu osoa txundituta utzi zuelako. Hala, Adolf Hitlerrek garai hartan hedatu zuen aria arrazaren nagusitasunari buruzko teoria zalantzan jartzea lortu zuen, Joe Shrapnel eta Anna Waterhouse arduratu dira gidoiaz, eta Stephen James aktorea sartu da atleta afroamerikarraren azalean. 2014ko Selma film laudatuan aritu zen aktore kanadarra.

Mon roi

Iazko Cannesko zinemaldian emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Emmanuelle Bercotek Tony protagonistaren azalean egindako lanagatik. Egun zinegile den aktore ohi Maiwenn le Bescok gidatu du familia, osasuna eta maitasuna uztartzen dituen drama erromantikoa. Eskiatzen izandako istripu baten ostean, errehabilitazioa egiten ari da Tony. Sendagileen eta pilulen eraginpean, Georgiorekin izan zuen harremana aztertzeko tartea hartuko du. Maiwennen aurreko lanak, Polisse (2011) dramak, epaimahaiaren saria jaso zuen Cannesen.

The Lady in the Van

Maggie Smithek eszenatokietan hainbat urtez antzeztu du Mary Shepherden papera. The Lady in the Van, baina, antzeztokietatik zinemara heldu da, eta Nicholas Hytnerrek zuzendu du Alan Bennettek idatzitako eleberrian oinarritutako gertaera errealetan oinarritutako drama. Bada, Shepherd anderea bere furgonetan bizi da, eta ibilgailua Londres inguruko kale batean aparkatuko du hiru astez bertan geratzeko, hain zuzen, Alan Bennett idazlearen etxe alboan. Ibilgailuak hasieran, eta bertan bizi den demakuemak ondoren, jakin-mina piztuko dute idazlearengan, eta pixkanaka, hura ezagutzeko ahaleginak egingo ditu. Iragan Urrezko Globoetan zein BAFTA sarietan, emakumezko aktore onenaren kategorian proposatu zuten Smith.

Victor Frankenstein

Mary Shelley eleberrigile ospetsuak idatziriko beldurrezko istorio  klasikoan oinarritutako bertsio librea aurkeztu digu Paul McGuigan zuzendari  ezkoziarrak. Victor Frankenstein (McAvoy) eta bere begikoa den Igor Strausman (Radcliffe) pertsonaiek gogora ekarriko dizkigute medikuntza arloan egindako bitxikeriak.

Cantinflas

30-50eko hamarkadetako komiko mexikar ezagunaren biografiari buruzko Cantinflas lan homonimoa bihar helduko da zinemetara, Mexikon bertan orain bi urte estreinatu bazuten ere. 2015ean, gainera, herrialdearen hautagaia izan zen Oscar sarietan, ingelesaz besteko film onenaren kategorian, azken fasera igaro ez zen arren. Oscar Jaenada aktore kataluniarrak bikain egin du Mario Moreno ‘Cantinflas’en papera, eta zinema mexikarraren ikono bilakatu aurretik bizitakoak erakutsiko dizkigu, tartean, Mike Todd Hollywoodeko produktorearekin errodatu zuen Munduari itzulia 80 egunean filmaren errodajea.

El incendio

Argentinatik, aldiz, Juan Schnitmanek zuzendutako El incendio drama helduko zaigu. Lucia (Pilar Gamboa) eta Juan Barberini (Marcelo) dira filmeko protagonistak, 30 urte inguruko bikotea. Ehun mila dolarrekin joango dira etxe berria erostera, baina saltzailea ez da helduko, eta eskriturak atzeratu egingo dira. Alokairuko etxe zaharrera itzuliko dira orduan, eta dirua ezkutatu egingo dute. Ondorengo 24 orduetan biziko duten tentsioa, eta bikotearen harreman bizi bezain gogorra azaleratuko dira filmean.

Secret In Their Eyes

Juan Jose Campanellaren 2009ko El secreto de tus ojos filmaren remake-a da Secrets In Their Eyes. FBIko Ray (Chiwetel Ejiofor) eta Jess (Julia Roberts) agenteak eta Claire (Nicole Kidman) epailea beren karguetatik botako dituzte Jessen alaba nerabea era basatian erahiltzen dutenean. Hamahiru urteko emaitzarik gabeko bilaketen ostean, Rayk pista bat aurkituko du, eta gertatutakoa argitzen saiatuko dira.

The Girl King

XVII. mendean girotutako film finlandiarra da The Girl King. Mika Kaurismäki zinegileak zuzendu du 1633an, sei urterekin, koroatu zuten Cristina erregina bizkor eta enigmatikoaren biografia pantailaratuko duen filma.

https://youtu.be/z65cdquVuMU

Flaskepost fra P

Urtetan Ozeano Atlantikoan itzulian ibili den botila Eskoziara iritsi da eta mezu bat du barruan. Kostata, baina Q departamenduko ikertzaile danimarkarraren laguntzarekin mezua deszifratzea lortuko dute. Berehala, geratzen diren aztarna urriak ezabatu gabe, ikaraz eta izuaz beteriko kasua ebazteko betebeharra izango du taldeak.