Urtea: 2015
Herrialdea: Erresuma Batua
Gertaera errealetan oinarritutako istorioa kontatuko digu The Lady in the Van filmak. Egun batean, Mary Sheperdek (Maggie Smith) bere furgoneta Camdem Towngo (Londres, Erresuma Batua) kale batean aparkatuko du. Furgonetan bizi da Mary. Egunak igaro ahala, bizilagunen jakin-mina handitzen joango da, inork ez baitaki nondik etorri den Mary, ezta nor den ere. Aparkatzeko zailtasunak tarteko, Alan Bennett idazlearen (Alex Jennings) etxeko sarreran utzi beharko du furgoneta Maryk. Hala, furgonetako emakumearen misterioa argitzen hasiko da Bennett, eleberri baterako gai aproposa dela iritzita.
Alan Bennettek idatzitako antzerki obran oinarrituta dago filma. Obra bera ere Hytnerek zuzendu zuen, eta Maggie Smith bera zuen protagonista. Golden Globe eta Bafta sarietarako proposatu dute Smith film honetan egindako antzezpenagatik.
Istorio berezia kontatuko digu The Lady in the Van filmak. Pixkanaka, Maryri buruzko pistak jasotzen joango gara, eta, hala, emakumearen bizitzaren puzzlea osatuko dugu. Fantasia puntu bat du, eta horrek egiaren eta fantasiaren artean zalantza egitera eramango gaitu. Errealizazioa zuzena da, eta pertsonaiak ondo eraikita daude. Film atsegina da, gainera. Baina istorioak ez du indarrik. Pertsonaia interesgarria da Smithena, baina anekdota batean gelditu dela iruditu zait. Ez zait 100 minutuko film bat egiteko istorio aproposa iruditu.
Smithen antzezpena da filmeko alderdirik azpimarragarriena. Bikaina da. Pertsonaia guztiz gogaikarria izan arren, ikuslegoa hunkitzea lortuko du. Aitortu beharra dut Smith izan dela filma ikustera eraman nauen arrazoia.
Lan atsegina da, beraz, The Lady in the Van. Istorioa berezia da, eta errealizazio zuzena. Baina ez du indarrik, eta aurrera egin ahala ahuldu egingo da, gainera. Lehen oinarriak ona zirudien arren, pixkanaka anekdota huts bilakatuko da. Maggie Smithen antzezpena, ordea, bikaina da.