Filmaren estreinaldiak Gernikako bonbardaketaren 79. urteurrenarekin bat egingo du, apirilaren 26an aurkeztuko baitute Malagako Zinema Jaialdian.
Zinegile bizkaitarraren lan berria, Gerra Zibilak tarteko, Condor legio alemaniarrak eta Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek 1937an Gernikan egindako bonbardaketan girotutako drama erromantikoa da. Maria Valverde da Serraren laneko pertsonaia nagusia, eta aktore espainiar ezagunarekin batera ikusiko ditugu pantailan Barbara Goenaga, James D´Arcy, Jack Davenport, Ingrid García-Jonsson, Burn Gorman, Irene Escolar eta beste hainbat aktore. Gidoilari lanetan, aldiz, Barney Cohen eta Carlos Clavijo aritu dira.
Filma 2015eko udan grabatu zuten Artziniega, Barakaldo eta Bilbon. Bonbardaketa aldiz, Lekeition grabatu zuten, Santo Domingo, Arranegi eta Ezpeleta kaleetan. Lekeitiok garai hartako Gernikarekin duen antzekotasunagatik jo zuten bertara.
Euskal Herrian egindako urteko produkzio handienetakoa den lanak erasoan lan egin zuten bi kazetariren arteko harremana azalduko du. Teresa (María Valverde) errepublikar gobernuarentzat lan egiten duen zentsuratzailea da, eta ez da bat etorriko Henry (James D’Arcy) berriemaile estatubatuarrarekin.
Produkzio lan neketsua izan du filmak. Hamabi bat aktore nagusi eta horiei batutako figurante andana. Gudariak joan etorrian, baserritarrez beteriko azoka eta efektu berezien laguntza behar izan du ingelesez filmatu den Serraren azken filmak. 60 laguneko talde teknikoa eta sei milioi euroko aurrekontua izan duen koproduzioaren banatzailea Sony Pictures da.
Estreinaldia, Malagan
Gernikak apirilaren 22tik maiatzaren 1era luzatuko den Malagako Zinema Jaialdian ikusiko du argia. Film luzeen sail ofizialean lehiatuko da beste 14 lanekin batera, hala nola, Ander Duque zinegile bilbotarraren Zoe filmarekin, eta Isaki Lacuesta eta Isa Camporen La propera pell lanarekin.
Horrez gain, Helena Taberna zinegile nafarraren Acantilado drama lehiaketaz kanpo ikusteko aukera izango da.