ETB1 katearen zinemari eskainitako Zinez saioak Nacho Vigalondo zinegile kantabriarrari eskainiko dizkio datozen hiru emanaldiak. Hala, zinegile independentearen Kronokrimenak (2008), Estralurtarra (2012) eta Open Windows (2014) filmak emango dituzten datozen hiru astelehenetan.
Urtarrilean martxan jarri zutenetik, euskal zinemaren tartea izan da ETB1en astelehenetako Zinez saioa. Apirilean, baina, Nacho Vigalondo zinegileari eskainitako zikloa egingo dute datorren astelehenetik, hilak 11, hasita. Orotara hiru film eskainiko dituzte 22:15etik aurrera, euskaraz.
Lehena Kronokrimenak izango da. Vigalondoren lehen film luzea da. 2008an estreinatu zuen, eta Karra Elejalde, Barbara Goenaga, Juan Inciarte eta Candela Fernandez dira aktore nagusiak. Intriga eta zientzia fikzioa nahasten dituen filma da. Nazioarteko jaialdi askotan hartu zuen parte.
Bigarrena, apirilaren 18an, Estralurtarra izango da. Filma 2012an estreinatu zuen, eta oraingoan Michelle Jenner, Julian Villagran eta Carlos Areces dira aktore nagusiak. Torontoko zine jaialdian ez ezik, Donostiako Zinemaldian ere eskaini zuten urte hartan. Estralurtarrek Lurra erasoko dute filmean, Julio protagonistak bart gauean ezagutu zuen Julia ederraren bikote harremana erasoko duen bezala.
Hirugarren eta azken filma Open Windows izango da, apirilaren 25ean. Vigalondok ingelesez egin zuen lehen film luzea da, eta 2014an estreinatu zuen. Kasu honetan, aktore taldea nazioartekoagoa da: Elijah Wood, Sasha Grey eta Neil Maskell dira protagonistak. Intrigaz beteriko film berezia da.