Le nouveau

Rudi Rosenbergek gidatu du iazko Donostia Zinemaldian Zuzendari Berriak saileko saria jaso zuen Le nouveau film frantziarra. Benoit da protagonista, landa eremutik Parisera bizitzera joango den hamalau urteko mutil gaztea, eta eskolan egokitzeko zailtasunak izango ditu. Adin horretako gazteen egunerokoa, zailtasunak, maitasun istorioak eta lagun arteko harremanak erretratatuko dituen komedia dibertigarria.

The Huntsman: Winter’s War

Snow White and the Huntsman filmaren prekuela edo aurreko The Huntsman: Winter’s War akziozko lana ere aste honetan helduko da zinema aretoetara. Lehen atal hartan efektu berezien arduradun izan zen Cedric Nicolas-Troyanek zuzendu du bigarren atala. Chris Hemsworth, Charlize Theron, Jessica Chastain eta Emily Blunt lauko interesgarria jarri du lanean, Edurnezuriren ipuinaren aurrekarien inguruko gertaerak kontatzeko. Freya erregina (Blunt) erreinutik urrun bizi da, eta aurkariak izozteko duen gaitasunaz baliatuta, ehiztari hiltzaileen armada bat prestatzen ari da. Haietako bik (Chastain eta Hemsworth), baina, erreginak jarritako baldintza bakarra apurtuko dute: maitemindu egingo dira. Horregatik, Ravenna (Theron) erregina gaiztoa bere ahizpari laguntzera etorriko da, mendeku hartzeko.

Rak ti Khon Kaen (Cementery of Splendour)

Iazko Cannesko jaialdian aurkeztu zuen Apichatpong Weerasethakful zinegile tailandiarrak fantasia eta drama uztartzen dituen filma. Etxekoandre batek loaren gaitza duen soldadu bati lagunduko dio, eta pixkanaka, haluzinazioak eta errealitatea nahasten hasiko da. Tailandiako gizartearen zein norbanakoen arazoak azaltzeko erabili ohi den metafora. Film estetikoki aberatsa, hitz gutxikoa.

Lamb

Eta Cannesko jaialdian, baita ere, baina baita Toronto, Londres, Gijon eta Karlovy Varyko zinemaldietan ere ikusgai izan zen iaz Etiopiatik datorkigun Lamb drama. Yared Zelekek zuzendu du Efrain gaztearen eta bere bildots maitatuaren arteko harremanaren bidez Etiopiako landa-giroa erretratatzen duen lana. Aita hirira joan beharko da lanera, eta izebarekin utziko du mutikoa. Egoera berrira egokitu beharko da gaztea, bildots txikia lagun.

The Invitation

Sitgesko zinema jaialdian film onenaren saria jaso zuen iaz Karyn Kusamaren The Invitation beldurrezko filmak. Will eta Edenek seme bat galdu zuten, eta horren ondorioz, bien arteko harremana zaildu egin zen, egun batetik bestera, Eden desagertu zen arte. Urte batzuk geroago, Edenek eta haren bikote berriak afari batera gonbidatuko dute Will, gizonaren bikote berria, eta beste hainbat lagun. Egoera, baina, susmagarria egingo zaio Willi, eta pixkanaka, bikote berriak ezkutatzen duen hori argitzen joango da. Kritika bikainak jaso dituen thriller beldurgarria.

Dark Star: HR Gigers Welt

Hansruedi Gigerren fantasia eta beldurrezko munduan itzulitxo bat egiteko aukera emango digun dokumentala. Alienaren figura izugarria sortu zuen ilustratzaile alemaniarraren biografia kontatuko digu Belinda Sallin suitzarrak zuzendutako dokumentalak, eta horretarako sortzailearen tailerreko txoko ezkutuak bisitatuko ditu. Artista 2014an zendu bazen ere, lana 2014an argitaratu zuen Sallinek; errodajea hura hil baino pixka bat lehenago amaitu zuen.

L’hermine

Christian Vincent zinegile frantsesaren lanak, eta bereziki, haietan aritzen diren aktoreak, maiz izan dira Cesar sari frantsesetarako hautagai. Frantzian iaz estreinatu zuten aste honetan helduko zaigun L’hermine, eta Veneziako zinemaldian gidoi eta gizonezko aktore (Fabrice Luchini) onenaren Copa Volpi sariak jaso zituen filmak. Frantziako herrixka bateko epaile Michel Racineren istorioa pantailaratuko du lanak. Oso epaile zorrotza da, eta hamar urtetik gorako espetxe zigorrak ezarri ohi ditu. Egun batean, baina, duela sei urte ezkutuan maitatu izan zuen Ditte Lorensen-Coteretekin egingo du topo; hilketa kasu bateko epaimahaikide izango da Lorensen-Coteret.

Lobos sucios

40ko hamarkadako Galiziako wolframio meatzeetan lan egin zuten emakume meatzarien eta soldadu nazi alemaniarren arteko tirabira errealetan oinarritutako interpretazio librea egin du Simón Casalek. Manuela (Marian Álvarez) eta ahizpa gazte Candela (Manuel Vallés) dira filmeko protagonistak.

https://youtu.be/E_-BCt4_FC4

Julieta

Pedro Almodóvar zinegile espainiarraren drama berria da Julieta. Emma Suarez eta Adriana Ugarte aspaldi urrundu ziren ama-alaben azaletan sartuko dira. Bere bizitzako pertsona garrantzitsuenek huts egin diotela sentituko du Julietak, eta hamabi urte lehenago utzi zuen Antia alaba berreskuratzen ahaleginduko da herrira itzulita.

London Has Fallen

Olympus Has Fallen akziozko filmaren bigarren zatia, London Has Fallen, bihartik aurrera izango dugu zinemetan. Jackie Earle Haley, Gerard Butler eta Morgan Freeman AEBtako presidentearen, zerbitzu sekretuko agente nagusiaren eta Trumble bozeramailearen azaletan sartuko dira hurrenez hurren, mundu mailako eraso terroristari aurre egiteko. Babak Najafik zuzendu du bigarren atal hau.

Madrid, Above The Moon

Miguel Santesmasesek gidatu duen film espainiar independente, txiki eta pertsonala. Ernestok Madrilgo turistei argazkiak egiten dizkie. Hala ezagutuko du Susan, eta pixkanaka, bien arteko harremana indartzen joango da.