Zineuskadiren Zinema Euskaraz programak primerako plana dakar udaberri sasoiko oporraldiaren azken egunei etekina ateratzeko. Oraingoan, Trevor Wallen Iparraldeko Norman animaziozko ekoizpen estatubatuarra euskaratu dute, eta asteburutik aurrera, apirilak 1, Hego Euskal Herriko hainbat herritako zinema aretoetan izango da ikusgai.

Norman ehizatzen ez dakien hartz zuria da. Badu dohain berezi bat, ordea: bere aitonak bezala, gizakiei hitz egiteko gaitasuna du! Vera marketing zuzendaria da eta egun batean Artikoan azalduko da telebistarako iragarki komertzial bat filmatzeko, bere nagusi dirudun eta harroputz Greene jaunarentzat luxuzko etxeak sustatzeko helburuz. Norman berehala konturako da zerbait egin behar duela bere etxea, Artikoa, salbatzeko.

Abesti dibertigarri, dantza saio ikusgarri eta sekulako animazioz hornitua, barrealdiz-barrealdi, Iparraldeko Normanek erakutsiko digu hotza eta izotza gorabehera, inon ere ez dela egoten norbere etxean baino hobeto. Filma ondorengo zinemetan izango da ikusgai:

  • Donostiako Antigua Berrin
  • Durangoko Zugaza zinemetan
  • Bilboko Multicinesen
  • Getxoko Zinemetan
  • Zallako zine antzokian
  • Iruñeko Golem La Morea zinemetan