Asier Altunaren ‘Amama’ filmak Nanteseko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren 26. edizioko gazte epaimahaiaren saria jaso du, baita Grenobleko Ojoloco jaialdiko ikusleen saria ere. Dagoeneko 11 sari jaso ditu baserriarekiko eta bizimodu tradizionalarekiko haustura irudikatzen duen filmak.

Erroman, Montpellierren, Mar de Platan, Tallinen, Annaban, Tromson, Islandian, Herbehereetan, Palm Springsen, Bruselan eta Nantesen, besteak beste, izan da ikusgai Amama. Iragan Donostia Zinemaldian estreinatu zutenetik (Euskal Zinemaren Irizar saria jaso zuen bertan), hogei jaialdi baino gehiagotan izan da, eta 11 sari eskuratu ditu. Datozen asteetan, halaber, Manchesterren, Teheranen eta Italia hegoaldean izango da filmaren lantaldea.

Ez hori bakarrik: urtarrilean Ipar Euskal Herriko hogei zinema aretotan estreinatu zuten filma, eta 6.000 lagun baino gehiagok gozatu ahal izan dute filmaz. Azken urteetako euskal film ikusiena da bertan. Hego Euskal Herriko eta Espainiako datuak batzen baditugu, aldiz, 60.000 ikusle baino gehiago izan ditu, eta 140 zinema aretotan izan da ikusgai.

Bada, azken asteburuan Nanteseko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiko 26. edizioan hartu du parte lanak, eta gazte epaimahaiaren sari berezia jaso du, baita Grenobleko Ojoloco jaialdiko ikusleen saria ere. Zorionak eta zorte on datozen zitetan!