Urtea: 2015
Herrialdea: Irlanda
1950eko hamarkadan, Eilis Lacey (Saoirse Ronan) irlandarra New Yorkeko Brooklyn auzora joango da bizitza berri bat hastera. Familia Irlandan utzita, bere lekua topatu nahiko du Eilisek. Denda batean hasiko da lanean, eta gauez unibertsitatera joango da kontabilitatea ikastera. Mutil bat ezagutuko du, Tony (Emory Cohen), eta berarekin maiteminduko da. Baina familian ezbehar bat gertatuko da, eta Eilisek jaioterrira itzuli edo bere egungo etxean gelditzearen artean erabaki beharko du.
Colm Toibinen eleberrian oinarritutako filma hainbat saritarako proposatu dute, nagusiki, film onenaren eta aktore onenarenean (Saoirse Ronan) kategorietan.
Filma ikusi aurretik eleberria irakurtzen hasi nintzen, eta amaitu baino lehen utzi nuen, asper-asper eginda. Beraz, filma ikustera beldur horrekin joan nintzen. Ikusi ostean, dena den, ez nuke esango aspertu egin nintzenik (100 minutu badituzu, harira joan behar duzu derrigor), baina epe laburrean ahaztuko dudan filma da.
Pertsonaien arteko harremanak oso era ahulean eraiki dituzte. Ez ditut sinistu, eta beraz, nahiko hotz gelditu naiz. Eilis eta Tonyren arteko maitasun istorioa ere oso hotza iruditu zait, eta protagonistak gainontzeko pertsonaiekin dituen harremanak artifizialak egin zaizkit, hau da, filmean txertatzera behartuta egon izan balira bezala, liburuan hala idatzia daudelako. Egitura aldetik ere ez nau konbentzitu, izan ere, protagonistak bi aukeren artean erabaki behar du, baina lehenari filmaren % 75 eskaini diote, eta askoz landuagoa dago; horregatik, ikuslegoa aukera horren alde azalduko da, zalantzarik gabe, duda erabat deuseztuta.
Hori bai, Ronanen antzezpena azpimarratuko nuke. Gazte irlandarrak darama filmaren zama, eta gidoiak eduki ditzaikeen ahultasunen aurrean, antzezpen indartsu eta sinesgarri batekin erantzun du.
Erraz ahaztuko dudan filma da, beraz, Brooklyn. Gidoi eta egitura ahulek filmarekiko jarrera axolagabe bat hartzera eraman naute. Alderdirik onena: Saoirse Ronanen antzezpena.