Martin Zandvliet daniarrak zuzendutako Land of Mine (2015) filmak zabalduko du apirilaren 15ean Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia. Gainera, jaialdia Human Rights Film Network sarean dagoela baliatuz, eta Donostia 2016ren programaren baitan, hilaren 15-17 artean Europar Foruma egingo dute San Telmo Museoan.

Gaur bertan aditzera eman dituzte apirilaren 15etik 22ra Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ikusgai izango diren filmak eta landuko dituzten gaiak:

• Trantsizio justiziari buruzko Lars Kraumeren Der Staat gegen Fritz Bauer (2015) film alemaniarra

• George Kurianen The Croosing (2015) film norvegiar-indiarra, babes-bila dabilen siriar talde baten inguruan

• Stefania Bona eta Francesca Scalisi italiarren Gente dei Bagni (2015) lana, energia pobreziaren inguruan

• Ilse van Velzen eta Femke van Velzen ahizpa biki holandarren A haunting history (2015) filma, gerra endemikoen inguruan.

• Gonzalo Moure, Brahim Chagaf eta Inés Apariciok zuzendutako Leyaud, un viaje al pozo de los versos (2015) dokumentala, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko egunerokoaz.

• Helena Trestíkováren Mallory (2015) film txekiarra, pobreziaren inguruan.

• Jean-Cosme Delaloye suitzarraren La prenda (2015), narkotrafikoaren korridoreko feminizidioaz.

• Tamás Almási hungariarraren Tititá (2015) filma, Anti ijitu arrazako gaztearen ametsaz.

Filmen inguruko datu gehiago jakiteko, sartu hemen.

Foruma

297

Aurtengoa, baina, edizio berezia izango da Human Rights Film Network sarearen foruma Donostian bertan egingo dutelako hilaren 15etik 17ra. Sarea giza eskubideak lantzen dituzten nazioarteko jaialdietako 38 kide aktibok osatzen dute, eta zinemaldiak trukatze eta babes proiektuak garatzeko erabiltzen dituzte, zinema tresna gisa ulertuz.

Donostia 2016ren egitarauaren baitan, hiru eguneko ekitaldiak antolatuko dituzte San Telmo Museoan. Besteak beste, Mugak, Babeslekua eta Migrazioa, Giza Eskubideen Zinemaldiaren inpaktua, eta beste hainbat gai landuko dituzte. Gipuzkoako hiriburuan izango dira Haga (Herbehereak), Napoli (Italia), Geneva (Suitza), Oslo (Norvegia), Varsovia (Polonia), Nuremberg (Alemania), Praga (Txekiar Errepublika), Bolonia (Italia) eta Sarajevo (Bosnia-Herzegovina) hirietan antolatzen dituzten jaialdietako ordezkariak, besteak beste.

Informazio gehiago, hemen.