Iragan ostiralean egin zuten Huhezinema jaialdiaren 9. edizioko emanaldi nagusia eta sari banaketa ekitaldia. Orotara zortzi sari banatu zituzten, eta sail ofizialean Axier Salazarrek zuzendutako Dantzariak film laburra izan zen garaile nagusia, Vertigo saria zein ikusleen garaikurra eskuratu baitzituen.
Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak antolatzen duen Huhezinema jaialdiak unibertsitateko ikasleen sorkuntzak, baita Euskal Herri osoko ekoizpenak ere, sustatzea eta ikusgarritasuna ematea du helburu, eta urtez urte, lanen kalitateak zein ekitaldiaren ospeak gorantz egin dute.
9. edizioko ekitaldi nagusia iragan ostiralean, martxoak 18, egin zuten, Aretxabaletako Arkupe aretoan. Hamar lan finalistak eskaini zituzten bertan, eta ikusleek zein epaimahaiak emandako botoen arabera, sari-banaketa ekitaldia egin zuten seginda.
Sariak
Aurtengoan, gainera, Basque Culinary saila ere gehitu diote deialdiari, sukaldaritzarekin lotutako filmei tartea eginez. Bada, lehen edizio honetan Ander Mendizabal eta Jon Garateren Menzzi Txispas lanak jaso du epaimahaiaren saria; ikusleena, ostera, Jon Camporen Nahikua eta Soberan filmarentzat izan da.
Sail nagusian, bestetik, hiru sari banatu dituzte, eta horietako bi, ikusleena eta Vertigo sari nagusia, Axier Salazarren Dantzariak lanarentzat izan dira (goian teaserra). Aldiz, Sail Ofizialeko Goiena saria Aitor Gametxok eskuratu du, Bere Bizitzetako Bat lanari esker (segidan trailerra).
Unibertsitateko ikasleen artean banatzen dituzten sariei dagokienez, fikzio onenaren saria Jon Garate eta Xabier Aztiriaren Zurea lanak jaso zuen; dokumental onenarena, bestetik, Irati Elortondoren Amaren Izenean filmak; eta ikusleen saria Ibai Iregiren Triangeluak lanarentzat izan zen.