cartel dhh2016Apirilaren 15etik 22ra luzatuko da Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia, eta urtero legez, giza eskubideen aldeko kontzientziazio eta sentsibilizazioarekin konpromisoa duten interes orokorreko gaiak lantzen dituzten dokumentalak, film luzeak eta laburrak eskainiko dituzte Victoria Eugenia antzokian. Aurtengo ediziora 961 film labur aurkeztu dituzte.

Gazte Epaimahaia arduratuko da, beste urte batez, film laburren saileko garailea hautatzeaz, eta aurtengoan antolatzaileek 961 proposamen jaso dituzte. Horien artean 20 hautatuko dituzte gazte epaimahaiak ikusi eta baloratu ditzan. Epaimahaikide izateko, 18 eta 30 urte arteko lagunek eman dezakete izena martxoaren 28ra arte, eta hilaren 30ean izena eman duten guztien artean zozketa egingo dute. Orotara 150 lagunek osatuko dute epaimahai gaztea.

Epaimahaikide moduan aukeratuak diren lagunek doako sarbidea izango dute zinemaldiko emanaldietara, eta eguneko saio nagusira joan beharko dute, bertan proiektatzen dituzten film laburra eta luzea ikusi eta ebaluatzera.

Iaz, esaterako, Christophe M. Saber zinegilearen Discipline laburra saritu zuten.