10 Cloverfield Lane

Dan Trachtenberg zuzendari estatubatuarraren filmak auto-istripua izan duen gaztearen bizitza kokatuko digu. Lur azpiko gela batean esnatuko da bat-batean, istriputik salbatu zuen gizonak bahituta. Bahitzaileak kanpoaldea eraso kimiko batek hartu duela sinetsarazi nahi dio, eta ez dio gelatik irteten utziko. Ezjakintasunak eta zalantzak amets gaiztoan murgilduko dute gaztea. Bahitzailearen buruan barneratu beharko da bizirik irtetn nahi badu.

The Brothers Grimsby

Erresuma Batuko MI6ko operazio berezietako kide den agente zorrotzak orain arte ezagutu ez duen anaia baten berri izango du (Sacha Baron Cohen). Anaia eta bera oso ezberdinak direla ohartuko da: futbol zale amorratua eta liskar-sortzailea. Akzioz beteriko komedia dakarkigu Louis Leterrier zuzendari estatubatuarrak.

El pregón

Dani de la Orden zuzendariak Berto Romero eta Andreu Buenafuente batu ditu filmean. Osorio anaiek zin egin zuten inoiz ez zutela berriz elkar ikusiko. 90eko hamarkadan musika elektronikoko artista arrakastatsuak izan ziren, baina orain lur jota bizi dira, eta herriko pregoia elkarrekin emateko kontratatuko dituztenean, salbuespena egiteko prest egongo dira. Herrira iritsi, dirua jaso eta bertatik ihes egin nahiko dute, baina plana ustekabean eten egingo da jarraitzaleak gainera etorriko zaizkienean.

The Dressmaker

50eko hamarkadako Australian kokatuko gaitu filmak. Tilly Dunnage (Kate Winslet) jostun gazteak urte asko igaro ditu lanean Parisko moda etxeetan. Orain, bere jaioterrira itzultzeko erabakia hartu du, iraganeko zenbait akats zuzendu eta alde egitera behartu zutenei mendeku hartzera.

Omoide no Mânî

Anna adopzioan hartu zuten gurasoekin bizi den neskato bakartia da. Egun baten Pegg gizon-emazteekin joango da eguna igarotzera, eta Marnie izeneko neska ezagutuko du; lagun egingo dira. Elkarrekin adiskidetasunari buruz asko ikasi ostean, Annak Marnie benetan zein den jakingo du. Iaz hainbat sari eskuratzeko proposatu zuten film japoniarra, tartean, Oscar sarietan Animaziozko Film Luze Onenaren kategorian eta Annie sarietan Film Independente Onenaren kategorian.

The Gift

Senar-emazte gazte baten bizitza goitik behera aldatuko da gizonaren iraganeko lagun bat etengabe opari misteriotsuak bidaltzen hasiko denean. Hogei urtez gordeta egon den sekretu beldurgarria azaleratuko da horrela. Joel Edgertonek zuzendu du intrigaz beteriko thrillerra.

La ritournelle

Marc Fitoussi zuzendari frantziarraren filmak Brigitte eta Xavier ditu protagonista. Normandian bizi den bikotea behi azienda baten jabe da. Xavierrek bere lana maite du eta buru-belarri jarduten du abeltzaintzan; Brigitte, aldiz, etxean geratzen da. Seme-alabak etxetik joan direnetik Brigitteri geroz eta gogorragoa egiten zaio errutina. Egun batean, eroaldiak jota eta inori ezer esan gabe Parisera joatea erabakiko du, eta une horretan ohartuko da Xavier emaztea galtzen ari dela.

Kaguya-hime no Monogatar

Filma Japoniako IX. mendeko Banbu ebakitzailea ipuin herrikoi anonimoan oinarrituta dago. Banbu landare barruan neskatila nimiño bat aurkitu zuen adineko bikotearen istorioa kontatuko du ipuinak. Haurra alabatzat hartu eta hezi egingo dute. Nagusitu eta emakume ederra egingo da, eta ezkongai asko izango ditu atzetik, enperadorea barne. Baina bat bera ere ez du gogoko izango, eta guztiak baztertuko ditu, bere esanetan, ilargitik etorri delako eta bertara itzuli behar delako. Film japoniarrak sari ugari jaso zituen 2014an. Tartean, Donostiako Zinemaldian Zabalategi saria eta Canneseko jaialdian Sail Ofizialeko saria.

Gemma Bovery

Anne Fontaine zuzendari frantziarrak Posy Simmondsen eleberri grafikoa zinemaratu du. Gemma Tate emakume gaztearen bizitzan sartuko gara eta emazte betebeharren eta desiren artean harrapatuta ikusiko dugu bere iraganeko mutil laguna herrixkara itzultzen denean.

Pourquoi j’ai pas mangé mon père

Lan frantziarra duela bi milioi urteko bizimoduan dago girotuta. Erdi-gizon erdi-tximu den Edouard gaztearen eboluzioa erakutsiko digu. Edouard ez da gainerako tximuak bezalakoa, bere berezitasunek eta adimenak espezie eboluzioaren aitzindari egingo dute.