Ekimena aurrera eramateko (H)emen kolektiboko kideek hemen.me ataria sortu dute. Proiektuaren aurkezpena ostiral honetan, martxoak 11, izango da, 11:00etan Donostiako Tabakaleran.

Hemen

Ikus-entzunezko eta arte eszenikoen sektorean dabiltzan emakumeen ikusgarritasuna bultzatzeko eta saretzeko helburuarekin jaio da (H)emen Her(e) ekimena. Beren jarduna aurrera eramateko, www.hemen.me webgunea sortu dute, ikus-entzunezko emakume profesionalek beren profilak sortu, eta curriculumak, argazkiak, estekak, eta beren lanaren erakusgarri diren bestelako euskarriak eskegi ahal izateko. Atarian erregistratzen diren ekoizleek perfil horietara sarbidea izango dute, eta eskaintzaren bat izanez gero, hautagaiekin zuzenean harremanetan jarri ahal izango dute.

Horretaz gain, web-gunea datu base eta informazio iturri ere izango da. Astero ikus-entzunean lan egiten duen emakume bat nabarmendu eta promozionatuko dute, eta networking ekitaldiak ere antolatuko dituzte.

Azkenik, ikus-entzunezko ekoizpenetako lantaldeen gutxienez %60 gora emakumez osatua badago, (H)emen Her(E)-k proiektua bere hartuko du, eta promozio berezia egingo dio webgune eta sare sozialen bidez.

Ekimenaren aurkezpena ostiral honetan, martxoak 11, izango da Donostiako Tabakalera eraikinean. Miren Aperribay, Izaskun Arandia, Olatz Beobide, Iratxe Fresneda, Uxue Jimenez eta Kristina Zorita (H)emen Her(e) elkarteko kideak izango dira bertan.