Pasa den otsailean estrenatu zuen ‘Sîpo Phantasma’ (Untzi Phantasma) lan berria Rotterdameko jaialdian. Film laburretara ohituagoak gaitu Koldo Almandoz (Donostia, 1973) zinegileak, baina oraingoan 67 minutuko iraupena duen film luzea osatu du. Tamainak garrantziarik ez duela, eta nahiago duela horri ez erreparatu, horixe komentatu digu Donostiako Gros auzoko Belgrado tabernan egin dugun hitzorduan.
Irudiak eta istorioak berrerabiltzearen inguruko filma da ‘Sîpo Phantasma’, eta barku bateko bidaian du abiapuntua. “Norenak dira istorioak?” Irudi eta egiletza eskubideen ur nahasietan murgildu du itsasontzia Almandoz kapitainak. Bidaia honetan lagundu dion tripulazioa, bere filmeetan ohikoa duen lantaldea izan da, eta soinu banda osatzeko, Joserra Senperena eta Ignacio Bilbaoren “luxuzko” ekarpena izan du.
Itzulinguruka ibili gabe, zorrotza, kritikoa eta gardena. Honelakoxea dugu Koldo Almandoz.