63. Donostiako Zinemalditik eta beste hamaika jaialditik igaro ostean, iritsi da azkenean Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga protagonista dituen Pikadero filma Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Ben Sharrock zinegile eskoziarra zuzendari eta gidoigile lanetan, eta Irune Gurtubai bizkaitarra ekoizle izan dituen zinta “ausart” honek, euskal zinemara joera berriak iritsi direla iragartzen digu.
Filma baten estreinua asteburu euritsu baten atarian egitea izan ohi da egile eta ekoizleen ametsa. Egoera ezinhobean estreinatuko da beraz, ikusmin handiaren artean, Ben Sharrock eskoziarrak zuzendu eta Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga protagonista dituen Pikadero. Kritika onak jaso ditu parte hartu duen jaialdietan (hogeitik gora), eta besteak beste, Zuricheko Zinema Jaialdiko kritikaren saria eta Kiev-en film luze onenarena eskuratu ditu. Uxue Arzelus atari honetako kritikariak berak “estilo markatuko filma ausarta” bezala definitu zuen Sharrocken lehen luzea.
Arratian filmatua, eta euskara hutsean grabatua, Sharrockek onartu “ez zitzaiola zaila egin euskaraz filmatzea”, eta lantaldearen laguntza izan zuela uneoro, besteak beste, Irune Gurtubai ekoizlearena. Gaurtik aurrera, filma ikusgai izango dugu filma Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, tartean, Bilboko Multicines aretoan, Donostiako Principen eta Gasteizko Floridan, euskaraz eta gaztelerako azpitituluekin.
Sinopsia
Filmak Espainia estutzen duen krisi ekonomikoaren ondorioz, gurasoen habia utzi ezinik dabilen bikote gazte baten istorioa kontatzen du. Hotel bat ordaintzeko dirurik gabe, eta larrua jotzeko gero eta grinatsuago, elkargune publikoak edo ‘Txortalekuak’ bilatu beharko dituzte. Baina gauzak ez dira diruditen bezain errazak, eta haien harremana kolokan jarriko da amiltzen ari den ekonomia batetik askatzen saiatzen direnean.