Film laburrak aurkezteko epea gaurtik, martxoak 1, maiatzaren 31ra izango da zabalik
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin antolatu du beste behin ere Kimuak katalogoa osatzeko deialdia. Programak euskal film laburren sustapena eta banaketa ditu helburu, eta horretarako, urteko lan aukeratuak biltzen dituen katalogoa argitaratuko dute ekainean, zinema jaialdi zein ikus-entzunezko festa garrantzitsuenetara bidaltzeko.
Aukeraketan parte hartu nahi duten zinegileek hainbat baldintza bete behar dituzte. Lehenengoz, kredituak barne, gehienez ere 30 minutuko iraupena duten lanak bidal ditzakete, eta ekoizpen data 2015ko ekainaren 1etik aurrerakoa izan behar da. Gainera, komertzialki estreinatu gabea izan behar du filmak, eta ezin da 25 zinemaldi baino gehiagotara aurkeztuta egon.
Bestalde, film laburraren zuzendari zein ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izan behar du. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, beharrezkoa da gutxienez deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta egotea. Bertan jaiotakoa bada, ordea, EAEn bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela zihurtatu behar du.
Aldiz, film laburra ekoizle edo produkzio-etxe batek aurkezten badu, EAEn izan beharko du egoitza. Azkenik, lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, gehiengoa duen bazkideak aurkeztu beharko du lana.
Baldintzok betetzen dituzten parte-hartzaileek nahi beste film labur aurkeztu ahal izango dituzte. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa KIMUAKen dituzue eskuragarri.