Urtea: 2015
Herrialdea: Erresuma Batua
50eko hamarkadako New Yorken kokatutako filma da Carol. Therese Belivet (Rooney Mara) argazkilaritza gustuko duen jostailu-denda bateko dendaria da. Bertan ezagutuko du Carol Aird (Cate Blanchett), alabarentzako opari baten bila joango den emakume dotorea. Lehen une horretan bertan erakarpen berezi bat sentituko dute bi emakumeek, eta haien arteko harremana hazten doan heinean, jarrera ulerkorrik gabeko Carolen senar ohiaren oztopoa topatuko dute bidean.
Joan zen asteburuko Oscar sarietan, hainbat kategoriatan proposatu zuten Carol, tartean, aktore protagonista onenaren kategorian (Cate Blanchett), taldeko emakumezko aktore onenaren kategorian (Rooney Mara) eta argazki onenaren kategorian (Ed Lachman), baina ez zuten garaikurrik eskuratu. Rooney Marak, halaber, Cannes jaialdian aktore onenaren saria jaso zuen.
Film dotorea da Haynesen berriena. Dotorea eta sutila. Maitasun istorio baten lekuko egingo gaitu, eta pixkanaka haien harremanean barneratuko gara, emakumeen beldur eta minak sentitzeraino. Argazkiaz gain, Todd Haynesen errealizazioa ere aipatuko nuke. Hainbat ezaugarri dira filma dotore egiten dutenak, eta antzezpenekin eta argazkiarekin batera, errealizazioak du pisurik handiena. Planoak zehaztasun osoz eraiki ditu, eszena bakoitzak erritmo egokia mantentzen du, eta segundo bat bera ere ez dago soberan.
Aktore protagonistei dagokienez, Blanchett bada arrazoi nahikoa filma ikustera joateko, baina ikuslegoa benetan maiteminduko duena Mara da. Filmean Carolekiko sentitzen duen lillura bera eragin dit niri ere. Pertsonaia sentibera, irudi hauskorra duena da, baina nortasuna ere baduela frogatuko du. Aktore berezia iruditu zait, Hollywoodeko “moldetik” irteten dena. Filmeko azken bi eszenek arnasik gabe utziko zaituztete.
Lan dotorea da, beraz, Carol. Argazkiaz eta antzezpenez gain, Todd Haynesen errealizazioak egiten du filma indartsu. Blanchett eta Mararen maitasun istorioaren lekuko izango gara, eta era sutil batean joango gara haien harremanean murgiltzen, arnasik gabe gelditu arte.