Kiniela guztiak hautsi ditu ikerketa kazetaritza oinarri duen Spotlight filmak, urteko lan onenaren Oscar saria irabazi ostean. Faborito nagusia zen The Revenantek berriz, hiru eskuratu ditu, besteak beste, zuzendari onenarena Alejandro Gonzalez Iñarriturentzat; eta gizonezkoen aktore onenarena, Leonardo DiCapriorentzat. Emakumezko aktore onenaren kategorian Brie Larson saritu dute, The room filmagatik, eta kontzentrazio esparru batean kokatutako Saul fia hungariarrari eman diote ingelesez besteko hizkuntzetan errodatutako filmen kategoriako garaikurra. Aldaketa klimatikoa, elizaren sexu gehiegikeriak, Hollywoodeko aniztasun ezaren afera eta lesbiana, homosexual eta transexualen aldeko aldarriak izan dira gainerako protagonistak Los Angeleseko Dolby antzokian.

Spotlight2

Thomas McCarthyk zuzendutako Bostongo apaiz pederasten kasua oinarri duen Spotlightek eman du gaueko ezustea, film onenaren sari preziatua eskuratu ostean. The Revenant faborito naugusiak, ostera, hiru garaikur garrantzitsu lortu ditu. Batetik, Gonzalez Iñarritu mexikarrarentzat izan da zuzendari onenaren Oscarra, bigarrena jarraian, iaz Birdmanekin eskuratu ostean. Bestetik, sei proposamenen ostean, lortu du azkenik Leonaro DiCapriok gizonezko aktore onenaren saria. Argazki zuzendaritza onenaren kategorian lortu du The Revenantek hirugarren izendapena.

Sorpresa txikiagoa izan da emakumezko aktoreen kategorian. Brie Larsonek aktore protagonista onenarena eskuratu du The room filmagatik, eta Alicia Vicander suediarrak taldeko emakumezko onenarena, The danish girlen egindako lanagatik. Kategoria berean baina gizonezkoetan, Mark Rylance aktoreak pozarren jaso du bere garaikurra Bridge of Spies filmagatik.

ganadores_oscars_2016_dicaprio

Ingelesez besteko hizkuntzetan errodatutako filmentzako Oscarra Canneseko jaialdian epaimahaiaren saria jaso zuen László Nemesen Saul fia hungariarrari eman diote. Ennio Morricone musikari handiak ere izan du bere momentua, The Hateful Eight filmeko soinu banda sortzeagatik bere lehen Oscarra lortu ostean. Gainerako sari tekniko gehienak, Mad Max (George Miller) bikainak eskuratu ditu, sei guztira.

Laburren kategorian, A Girl in the River: The Price of Forgiveness (Sharmeen Obaid-Chinoy) lanarentzat izan da dokumental labur onanaren saria, Bear Story (Gabriel Osorio Vargas) txiletarrarentzat animaziozkoa, eta Stutterer (Benjamin Cleary) britainiarrarentzat fikziozkoa. Dokumental onenaren saria Amy (Asif Kapadia) lanak jaso du.

Sariak eta aldarrikapenak

Sarituek Oscarrek eskaintzen duten oihartzuna probestu ohi dute urtero beren aldarrikapenak egiteko, eta aurten, espero bezala, Hollywoodeko lehen lerroan izan ohi den arraza eta jatorri aniztasun eza izan da gaueko protagonista nagusia. Honakoa ez da erreibindikazio bakarra izan, hala ere. Leonardo DiCapriok, bere saria jasotzean, kezka azaldu du lurra planeta jasaten ari den klima aldaketaren aurrean, eta Sam Smithek lesbiana, homosexual eta transexualen komuniate guztiari eskaini nahi izan dio Spectre filmeko abestiarengatik jasotako saria.