The_RevenantZuzendaria: Alejandro González Iñárritu

Urtea: 2015

Herrialdea: AEB

XIX. mende hasieran, Amerika iparraldeko lurretan larru bila dabilen gizon talde bateko kide dira Hugh Glass (Leonardo DiCaprio) eta bere seme mestizoa, Hawk (Forrest Goodluck). Hartz batek eraso egingo dio Glassi, eta larri zaurituko du. Adarrekin egindako egitura baten gainean jarriko dute gotorlekura eraman ahal izateko, baina mendian gora egitea zailegia denez, eta Glassek oso itxura txarra duenez, bi gizon eta Hawk gaixoa zaintzen utziko dituzte, hil ondoren lurperatzeko agindupean. Haietako batek, Fitzgeraldek (Tom Hardy), ordea, ez du pazientziarik izango, eta Hawk erahil ostean, itzulerako bidea Glass gabe egitea erabakiko du. Mendeku bila joango da Glass.

The Revenant. Nondik hasi. Ez dut oroitzen zinematik horren haserre atera nintzen azken aldia. Urteko filma zela entzuna nuen. Beraz, bi ordu eta erdi luzez aspaldian ikusitako filmerik ahulena “irentsi” ostean, haserre irten nintzen aretotik.

Gehiegikeria hutsa da The Revenant. Zentzurik gabeko gehiegikeria. Gidoiak ez du indarrik, luzea da, errepikakorra, erraz aurreikus daiteke, zenbaitetan irrigarria. DiCaprio arazo edo erronka batetik irteten eta beste batean sartzen ikusiko dugu bi ordu eta erdiz. Bata bestearen atzetik jarritako sketxak dirudite: XIX. mendeko Amerika basatienean gerta daitezkeen hogei ezbeharrak. Aspertuta amaitu dut, nire buruari “Eta orain zer?” galdegiten.

Errealizazioari dagokionez, ez dut gauza politagorik esateko. Handikeriaz zuzendutako filma iruditu zait. Kamera etengabe mugitzen da eta DiCapriorengandik bost zentimetrora egongo da film osoan (horren gertu dago kamera, non DiCapriok arnasa hartzen duenean optika lurrundu egiten den). Paisaiak izugarriak dira, bai, baina horrenbeste travelling, panoramika eta dronen erabilerak deskonzentratu egin nau. Istorioaren % 75ean protagonista herren edo mugitu ezinik ageri den film batean kamara horrenbeste mugitzea ironiko samarra iruditu zait.

Plano bakoitzaren atzean Iñarrituren eskua sentitu dut, zer gehitu zitekeen pentsatuz. Eta horrek filmetik atera nau, erabat. Istorioan pentsatu ordez, Iñarrituren buruan sartzen saiatu naiz, filmari, eszenari, planoari nolabaiteko zentzua bilatu nahian. Pentsamendu horiek ez didate filmaren haria galduarazi, izan ere, hainbat sekuentzia kenduta, emaitza berbera litzateke: DiCapriok mendekua lortuko du, edo ez, eta egia esan, unea iritsi zenerako, berdin zitzaidan zer gertatuko zen.

Normalean ez zait film batekin horren zorrotza izatea gustatzen, izan ere, emaitza horrek aurretik duen lan gogor guztian pentsatzen dut, dituen buruhauste eta zailtasunetan. Eta ez dut ukatzen The Revenantek atzean duen lan teknikoa izugarria denik. Baina baliabide guzti horiek ez dute zentzurik zuzendari baten kapritxoak asetzeko soilik erabiltzen badira.