Zinemaldiak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak hitzarmen bat sinatu dute, orain arteko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi saila aurrerantzean Zabaltegi-Tabakalera atala izan dadin, eta horrez gain, lehiazkoa izateko.

zabaltegi-tabakalera2

Bere sorreratik, Zabaltegi urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako lehiaketaz kanpoko saila izan da, publikoaren artean oso maitatua den, eta arau formalik eta gai-mugarik izan ez duen saila, hain zuzen. Besteak beste, zinegile handien lanak igaro dira bertatik: Alexander Sokurov, Laurie Anderson, Anca Damian, João Salaviza, Eric Khoo, Lav Diaz, Jem Cohen, Corneliu Porumboiu edo Walter Salles, batzuk aipatzearren.

Ane Rodriguez Armendariz Tabakalerako kultura-zuzendariak eta Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak gaur goizean prentsaurrean jakinarazi dutenez, bi erakundeek sinatutako hitzarmenari esker, Zabaltegi lehiazko saila izango da aurrerantzean, eta bertan parte hartzen duten filmak 20.000 euroko Zabaltegi – Tabakalera saria eskuratzeko lehiatuko dira. Kopuru horretatik 6.000 euro film irabazlearen zuzendariak jasoko ditu, eta gainerako 14.000 euroak, berriz, film irabazlea Espainian banatzen duen enpresak.

Hitzarmen honekin, Zinemaldiak eta Tabalakerak azken urteetan elkarlanean egiten ari diren zinema alorreko proiektuak indartzea dute helburu.

Víctor Iriarte, Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kide berria

Rebordinosek jakinarazi du, halaber, 2016ko urtarrilaren 1etik Víctor Iriarte, Tabakalerako ikus-entzunezko programaren arduraduna Donostia Zinemaldiaren Hautaketa Batzordeko kide berria dela.

Victor Iriarte