Keywan Karimi zinegile iraniarrak urtebeteko espetxe zigorra, 223 zigorrada eta 20 milioi rial (600 euro inguru) ordaindu beharko ditu Writing on the City filmagatik. Irango auzitegiak ez du gaztearen alegazioa onartu, eta kaleko hormetan idatzitako mezu eta grafitien bidez Iranen azken 35 urteetako historia jasotzen duen filmagatik zigortuko dute. Joan zen otsailaren 12an estreinatu zuen filma Iruñeko Punto de Vista jaialdian.
2013an, Writing on the City filmaren trailerra Sarean zintzilikatu eta berehala Irango Guardia Iraultzailea zinegilearen etxera sartu zen, eta disko gogorrak hautsi ondoren, isolamendu ziega batean sartu zuten bi astez. Gobernuaren aurkako propaganda egitea eta santutasuna iraintzea egotzi zizkioten, eta 100.000 dolar ordaindu behar izan zituen espetxetik irteteko. Oraingoan, ordea, urtebete egin beharko du espetxean, 223 zigorrada jasan beharko ditu eta 20 milioi rial ordaindu, herrialdeko Apelazio Gorteak zigorra berretsi baitu.
80 minutuko dokumentala hilabete hasieran estreinatu zuten Iruñeko Punto de Vista dokumentalen jaialdian, eta nazioarteko epaimahairen aipamen berezia jaso zuen. Filmak Teherango gizartearen azken 35 urteetako historia kontatzen du kaleko hormetako irudi eta mezuen bidez: 80ko hamarkadako Iraken aurkako gerrako martirien mural erraldoiak, kapitalismoaren iritsiera azaltzen zuten iragarkiak… Mezu horietako asko herritarrenak ziren, baina beste hainbat Gobernuak idatzitako propaganda mezuak ziren.
‘223 words’
Ebazpenaren harira, Iranen geratuko dela adierazi du zinegileak, salaketa frogatzen duen proba bakar bat ere ez dagoela azpimarratu arren. “Ekintzailea eta zinegilea naizen aldetik, hauxe da nire lekua. Aurrez aurre borrokatu behar dut. Nire gizartearekiko betebehar morala dut. Denok alde egiten badugu, nork aldatuko ditu gauzak?”, azaldu du.
Horregatik, uneotan bi lan ditu esku artean: jasan duen jazarpen judizialari buruzko dokumentala bata, eta abokatu bat protagonista duen fikziozko lana bigarrena.
Gazteak babes ugari jaso du nazioartetik, tartean, zinegile europarren partetik, eta Punto de Vista jaialdiak 223 words izeneko proiektua jarri du martxan. 223 zinegileren ahotsak jasoko dituzte, zinegile irainiarrari babesa emanez. Proiektua Vimeoko kanal honen bidez jarrai daiteke.
Gainera, martxoaren 5ean, larunbata, Writing on the City filma eskainiko dute Donostiako Tabakaleran, 20:00etan, Hormek Diote Donostia 2016ren programaren baitan.