Hamairugarren edizioaren azken uneko prestaketak egiten harrapatu dugu Pau Guillen (Alacant, 1976) Zinegoak jaialdiko zuzendaria. Zazpi urte daramatza valentziarrak Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Nazioarteko Jaialdiaren gidaritzan. Festibalaz hitz egiten duenean nabari zaion zirarrarak agerian uzten du Guillen ez dela zuzendari soil bat; bereak bokazioa eta militantzia ere badira. Zinearen bitartez gizartea aniztasun sexualean sentsibilitzatzeko bokazioa eta militantzia. Otsailaren 22tik 29ra egingo den edizioaren xehetasunak azaldu dizkigu.

Pau Guillen

Zer berrikuntza dakartza Zinegoak jaialdiaren hamahirugarren edizioak?

Urtero pausu bat aurrera egiten saiatzen gara. Hasteko, “3,2,1… hegoak” saila da aurtengo apustu nagusia. Jaialdiaren aurreko aste honetan, zineaz besteko ekintzak antolatzen ari gara, kalean, elkarte eta eragile ezberdinekin, eta dohainik. Sinergia hauen helburua jende gehiagorengana iristea da. Amnistia Internazionala, Alde Zaharreko dendariak, Berdindu eta Pikara Magazine dira, besteak beste, bidelagun izan ditugun kideetako batzuk.

Bestetik, aurten inoiz baino egoitza gehiago izango ditu jaialdiak, hamalau guztira. Izugarria da. Hiria Zinegoak-ez margotu nahi dugu, aniztasun sexualaren afera Bilboko txoko guztietara eraman. Ez dugu alor kulturalean geratu nahi.

Azken berrikuntza nagusia, haur eta familiei zuzendutako ikuskizunak dira. Ez dugu gauza konplexuei buruz hitz egingo, eta mezu errazak zabalduko ditugu. Hala, familia eraikuntza, afektibitate harremanak eta transexualitateaz arituko gara, modu erraz batean, kontziente baikara gai hauek jorratzeko zailak direla.

Zinegoak LGBT (Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual) zinemaren eta arte eszenikoen erreferente bat da estatu eta Europa mailan. Nola laguntzen du zinemak gure gizartean dagoen aniztasuna ikusarazten?

Zinea tresna izugarria da. Ikusleak istorioko pertsonaien lekuan jartzea lortzen du, bere emozioak sentitzea, eta hori ez du beste edozein errelatok lortzen.

Horretaz jakitun, gure egitaraua hartzaile bakoitzari egokitzen diogu. Publiko nagusiagoa badugu, ez gara Queer teoriaz hitz egiten hasiko, oraingoz. Berdintasunezko bikoteei buruz hitz egingo dugu. Adineko jendeak aitortu izan digu, adibidez, filmeei esker hainbat errealitate hobeto ulertzen lagundu diegula.  Hori izugarria da guretzat, eta lan egiten jarraitzeko indarra ematen digu.

Jaialdia iragartzeko aurtengo kartela Joss Manz artistaren argazki bat da. Bertan bularretan orbainak dituen gizon transexual bat ageri da. Izenburua, ‘Transformazioa, askatasunerako orbainak’ da. Azalduiguzu zergatik aukeratu duzuen irudi hau?   

Jaialdiko kartela zenbait gai mahai gainean jartzeko baliatzen dugu urtero. Iaz jarrera maitakorrean ageri ziren adineko bi emakume jarri genituen, eta horrekin tabu diren gai batzuk azaleratu genituen, helduaroa, emakumea eta lesbianismoa, besteak beste.

Aurten transexualitatea jorratu nahi izan dugu. Jendeak transexualitateari buruz duen irudia gizonezkoenera murrizten dela konturatu ginen. Hori dela eta, emakumezkoen transexualitatea islatzea erabaki genuen. Jar dezagun gizon bat, den bezelakoa, bere oraibainekin, eta harro. Erakus dezagun mutila zer den eta berak zer izan nahi duen. Kartelak, bortitza izan gabe, erreakzio bat sortu du jendearengan, eta hausnarketa bultzatu du.

Rose Troche zine eta telebista zuzendariari emango diozue aurtengo Ohorezko Zinegoak Saria. Estatubatuarraren lana aitortzeko gogoa zuen jaialdiak aspalditik. Zer dela eta?

Batetik, gizonezkoek agintzen duten industria batean oso urrutira iritsi den emakumea delako. Bestetik, ikus-entzunezkoen bitartez, aniztasuna islatzeko lan handia egin duelako, besteak beste, Go fish (1994) lesbianen komunitatearentzat kultuzko filmearekin, edota The L Words telesailaren bidez.

Sari hau Trocheri emango diogun arren, zinemaren industrian lan egiten duten emakume guztientzako saria ere bada.

Azkenik, jaialdian galdu ezin ditugun hiru film edo ekitaldi gomendatzeko eskatuko dizugu.

Desde Alla (Lorenzo Vigas, 2015): Veneziako Urrezko Lehoiarekin dator. Galdu ezin daitekeen filma.

Yes we fuck (Antonio Centeno, 2015): Aniztasun sexuala jorratzen du film honek, bere zentzu zabalenean, ezgaitasun funtzionala duten pertsonen ikuspuntutik. Ikastetxeetan landu beharko litzatekeen obra da.

Euskal film laburren zikloa: Zinegoak jaialdiak bertako ekoizpena bultzateko ahalegina egiten du beti, guretzat garrantzitsua baita bertakoa sustatzea. Aurten, oso ekarpen interesgarriak topa ditzakegu euskal egileen artean.